Mortadelo eta Filemonen etsai berria
Zentsuraren itzala luzea da; horrenbeste, hogei bat egun eskasean haren gainean birritan idaztera eraman dezakeela zutabegilea. Soziedad Alkoholika izan zen lehenik, “Mortadelo y Filemon” orain.
TIAko espioi bikote traketsaren azken abentura biltzen duen bilduma aurkeztu zuen komunikabideen aurrean asteartean Francisco Ibañez komikilariak, berrehungarrena. Bada zerbait. “Made in Spain”&flexSpace;markako istorio grafiko arrakastatsuenaren berrienaren usainean bildu ziren kazetari, kameralari eta argazkilariak. Tartean, ezin zuen bestela izan, TVEkoak. Bada, telebista publiko espainoleko aurreneko kateko informazio zerbitzuetan ez zuen inork jasoko Ibañezen azken lanaren berririk. Isiltasuna. Ezereza. La2-en bai: gauerdiko albistegian, erdi ezkutuan, itzalean.
Xalo eta inuzenteen mundu batean, akaso inuzente muturrekoenek pentsa zezaketen estreinakoz 1958an kioskoetaratu zen komikiaren kimu berriak ez duela interesik jada, Ibañez akabaturik dela eta horregatik ez duela izan oihartzunik “La información, parte de tu vida” lelotzat duten telediario-etan. Akaso. Baina ez-gai, alu eta ustelen mundu batean, gaizki pentsatzea zuzen jokatzea den aroan, nahikoa da bildumaren izenburuari –“El Tesorero”–, protagonista gaiztoari –gorbatadun eta adats urdin gominadun gizasemea– eta honen alderdiaren izenari –Partido Papilar– erreparatzea zer gertatu den jakiteko. SArekin bezalaxe, ez du azalpen handiegirik behar.
TIAko bi agente sekretuek etsai berria dute, bai, baina ez da paperezko Luis “Kabroia”: hori, izatekotan, arerio dute; etsaiak zentsura du izena.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
