Jon LEUNDA
PILOTA

Berriro ere gazteak nagusi

Etxeberri eta Ducassou kostata sartu diraBaionako Moderneko finalean. Larraldek eta Bilbaok, berriz, oso aise egin dute bidea.

Berriro ere gazteak izango dira Baionako Modernen hemendik bi astera jokatuko den finaleko protagonistak. Herenegun Etxeberrik eta Ducassouk lortu zuten txartela; atzo, berriz, Larraldek eta Bilbaok.

Etxeberrik eta Ducassouk susto ederra hartu zuten, finaletik kanpo geratzeko oso gertu egon baitziren. Biellek eta Ezkurrak ia partida osoan agindu zuten, bai jokoan eta baita markagailuan ere alde nabarmenak lortuz.

Partida 20-32 alde zutenean, inork gutxik uste zuen Biellek eta Ezkurrak finala jokatuko ez zutenik, baina ez zuten lortu. Paxkalek sekulako beherakada izan zuen, eta txakalaldi hori baliatu zuten faboritoek aurrena 34-34 berdintzeko, eta, gero, 40-34 irabazteko.

Saketik bi tanto egin zituen Etxeberrik eta bost Biellek. Jokoan 22 tanto egin zituzten irabazleek eta 18 galdu. Galtzaileek, aldiz, hamar egin zituzten, eta hamasei galdu. Honela joan zen markagailua: 0-2, 2-2, 5-5, 6-6, 7-21, 12-24, 15-26, 20-32, 34-34 eta 40-34. 84 minutu iraun zituen partidak.

Atzo, Larraldek eta Bilbaok 40 eta 23 irabazi zioten Lanberti eta Harizmendiri, 68 minutuan. Partida oso azkar apurtu zen. Saketik hamar tanto egin zituen Larraldek eta bost Lanbertek. Jokoan irabazleek 18 tanto egin zituzten eta 13 galdu. Galtzaileek, berriz, 13 tanto egin eta 12 galdu zituzten. 1-10, 1-1, 5-5, 15-7, 30-21, 34-22, 39-23 eta 40-23 izan zen markagailuko mugimendua.

Intxauspe eta Saldubeherek Elgarten eta Bonebeltxen aurka jokatuko dute Bigarren Mailako finala. Aurrenek 40 eta 37 irabazi zieten Monzeri eta Amuleti, eta bigarrenek 40-27 Oltzomendiri eta Palomesi.