Ibai Zabala
Filosofia irakaslea
KOLABORAZIOA

Ausartu pentsatzera?

Ez dira betiko garai onenak» abesti famatuak beste zentzu batean esaten zuenez, krisiarekin inoiz baino argiago ikusi dugu. Filosofiarako eta ausartuko nintzateke esatera, pentsamendu osorako ere garai iluna dela agerian ikus daiteke. Finean, gure gizartearen semeak garenez, irudiari, gorputza zaintzeari edo jakintza erabilgarriari izateari, psikeari edo jakintza orokorrari baino garrantzi handiagoa ematen diegu.

Izan ere, Lomce-k edo Madriletik ezarritako hezkuntza erreformak Hezkuntzan gizartean gertatzen dena islatzen dela egiaztatzen du; proposatzen dena filosofia hiltzeko zorian geratzea da eta. Lehenik, orain arte derrigorrezkoa izandako bigarren batxilergoko Filosofiaren Historia, hemendik aurrera bost ikasgairen artean «humanitateak» modalitatea ikasiko duten ikasleek bakarrik aukeratu ahal izango dute. Bigarren batxilergoko beste ikasle guztientzat hautazko hamabost ikasgairen artean beste batekin aukeratu ahal izango duten bat baino ez da. Hau da, inork hartuko ez duen bat. Horrela, Ameriketako Estatu Batuetako filmetan bezala, irakasleek ikasleak bere ikasgaia hartzeko nota onak eta klase dibertigarriak proposatzen dizkieten «klientelismora» bultzatuko du erreforma honek. Definitiboki, liberalismo ekonomikoa hezkuntzara heldu da. Bigarrenik, Lomceri esker lehengo batxilergoko «Filosofia» bigarren batxilergoa amaitu ondoren egin behar izango den selektibitatearen ordezko azterketan sartuko den lehenengo kurtsoko ikasgai bakarra izango da. Surrealista da urte bat pasa eta gero horren gaineko azterketa bat egin behar izatea. Beste lehengo ikasgai guztiek bigarren mailan jarraipena izango dutenez, bakarrik bigarren kurtsoko ikasgaiei buruzko materia sartuko da azterketa horretan. Azkenik, DBHn, laugarren kurtsoko Etika desagertzean, Filosofia irakasleek Erlijioa hautatu ez duten ikasleei ikasgai ordezkoa emango diete. Estatu laiko batean Erlijio ikasgaiaren papera ez ulertzeaz aparte, suposatuko duten ordu kopuru txikia ikusita eta irakasle plaza bat sortzeko hamabi ordu gutxienez beharrezkoak direla jakinda, batxilergorik ez duten zentroetan praktikara eramatea ia ezinezkoa izango da.

Bestalde, Heziberri edo Lomce-ren egokitzapenean Eusko Jaurlaritzak egindako zirriborroa Euskara ikasgaia Gaztelera, Ingelesa eta Matematika ikasgaien maila berbera jartzean datza. Aldaketa beharrezkoa izanda ere, ez litzateke nahikoa izango, zirriborro honetan Eusko Jaurlaritzak, beste komunitateek ez bezala, dituen konpetentziak ez ditu erabili Filosofiaren Historia mantentzeko.

Filosofiaren beharra hezkuntzaren barruan justifikatzea ez da honen helburua. Hala ere, lan mundura baino begiratzen ez duen eta ikuspegi utilitarista baino defendatzen ez duen hezkuntza erreforma honen aurka, 1995ean Parisko hitzaldian Unescok defendatu zuen moduan, Filosofiaren pentsamenduaren perspektiba historikoa, kontzientzia kritikoa eta balioen beharra defendatzea baino ez du egingo. Agian, Nuccio Ordinerekin batera «Erabilgarria ez denaren erabilgarritasuna» aldarrikatu beharko genuke, Kantek «Ausartu pentsatzera» proposatu zigun erronka aurrera eraman ahal izateko.