Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria

Musu emateko eskubidea

Beti kontatu digute musuak goxotasun eta pasioaren sinonimo direla, musukatzeak babesa sentiarazten digula. Zenbaitetan baina, musu emateak arriskua dakar eta nerabezaroaren zirrarez haratago doan beldurraz ematen dira zenbait musu.

Berriki joan zaigun Eduardo Galeanok «musu debekatuez» hitz egiten zigun bere istorio ederretako batean. Diktadura militarraren agintepean zegoen 1980ko Brasilen, Manuel Moralles epaileak «likitsak» edo «lizunak» litezkeen musuak debekatu zituen, espetxe mehatxupean. Musu emateko ikaraz, kikiltzetik urrun, Sorocaban ehunka herritar irten zen kalera elkarri musu ematera, hiriko kaleak «musumetro» erraldoi bihurtuz.

Badira oraindik ere musuen kontrako sententziak eta musuen polizia gisa aritu nahiko luketenak. Espainiar Estatuan jazotzen diren gorroto delituen ehuneko handi batek izaera homofoboa duela salatu duen gobernuak berak asilo politikoa ukatu dio Kamerunetik ihes egin behar izan duen lesbiana bati, sorterrira bueltatuz gero bizia arriskuan duela jakin arren. Gurean ere, badira uste baino sarriago gertatzen diren erasoak, zenbaitentzat errazena horiek armairuan ezkutatzea bada ere.

Lesbianen bisibilizazio egunetik hurbil, funtsezkotik abiatu behar dugu, nahi diogunari musu emateko eskubidea dugula alegia, dela Kamerunen, dela Algortan.