Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Urrutia Capeauk hitzak eta irudiak jarri dizkio Kubako Jururu badiari

Idazletik eta pintoretik, bietatik du Jose Enrike Urrutia Capeauk eta Kubako Jururu badiak sorrarazi dion miresmena haren izena daraman eleberrian eta pintura erakusketa batean askatu ditu.

«Mundu bat hogeitaka istoriotan osatua, bata besteari loturik. Guztietan Jururu da ageri, bertako pertsonak dira protagonista. Leku jakinak, pertsona jakinak eta berezko zaizkien nahi eta ezinak, hogeitaka ipuinetan baina narrazio bat osatuz». Hala laburbildu zuen Miel Angel Elustondo idazleak “Jururú”, Jose Enrike Urrutia Capeauren seigarren liburuaren muina.

Jururu, izatez, kolonizatzaile espainolek Kuban jo zuten aurreneko badia da eta, izen bereko ipuin bilduman, idazle iurretarrak bertako gizartea, ohiturak eta historia ditu hizpide. «Hango pertsonak, bizipenak eta hotsak dakartza, baina ez du soilik hango jendea irudikatzen, hango historia ere ekartzen digu, Kolon baino lehenagokoa», nabarmendu zuen Pamielako editore Jose Angel Irigarayk.

Urrutia Chapeauk azaldu zuenez, amerindiarren eragin handia du badiak eta horixe izan zen, 2000. urtean lehen aldiz bertan izan zenean, bere arreta erakarri zuena. «Jende motarekin eta euren bizimoduekin harritu nintzen. Esaterako, sarean trabatutako marrazoak hil egin behar direla esaten dute eta aizto batez hiltzen dituzte. Halako gauzek harritu ninduten, neolito eran bizi direlako, era furtiboan gainera, baimenik gabe. Bizitzari erantzuteko modu ezberdina dute», agertu zuen.

Erakusketa eta idazkera

Hala, jendarte haren gaineko kontakizunak eraiki nahi izan zituen, baina era berezi batean: ipuin bilduma bada ere, kontakizunetan pertsonaia batzuk errepikatu egiten dira eta, zentzu horretan, eleberri itxura ere baduela azaldu zuen idazle iurretarrak: «Nire ideia izan zen edozein lekutatik hasita irakur daitekeen nobela bat egitea. Pertsonaia berak dira eta leku berean daude, nolabait fusionatu egiten dira».

Pertsonaia gehienak errealak diren arren, liburuan agertzen direnak «errealitatearekin zerikusi handia duten fikzioak» direla nabarmendu zuen.

Idaztearekin nahiko ez eta han eman dituen epealdi luzeetan –hara ezkondu zen eta etxea eta negozioa ere baditu bertan– egin dituen margolanak ere liburuan txertatu ditu. «Lekua ederra dela esatea falta zen eta, atrebentziaz, galdetu nuen ea egin zitekeen koloretan».

Horrez gainera, ekainean Durangon erakusketa jarriko du Urrutia Capeauk, batez ere Kuban egindako lanekin. «Jururukoak ere egongo dira», azpimarratu zuen.

Azkenik, liburua berezi egiten duen beste elementuetako bat nabarmendu nahi izan zuen Irigarayk: egilearen idazkera. «Egungo estandarizazioaren aurrean ufada berria dakar, eta hori ere eskertzekoa da; bere idazkera zahar-berriarekin oxigenoa ematen dio gure euskarari».