GARA
DONOSTIA

Bizikletaren mugikortasunerako Plana aurkeztu du Gipuzkoako Aldundiak

Gipuzkoako Aldundiak jendaurrean aurkeztu zuen atzo, Donostian, bizikletaren mugikortasunerako prestatu duen estrategia. Prozesuaren helburu nagusia esparru horretan jarraitu beharreko bideak definitzea izan da, baita datozen zortzi urteetan bultzatu beharreko politikak eta jarduerak zehaztea ere bizikletaren erabilera ohiko bihurtzeko.

Bizikletaren erabilera handitu nahi da, autoaren alternatibetako bat izan dadin, besteak beste, ikastetxera eta lanera joateko, hirian barna mugitzeko… halaber, Aldundiaren helburu nagusietako bat da bidegorrien sarea handitu eta hobetzea.

Finkatutako ardatz bakoitza esku-hartzeko programa espezifikoen bidez garatuko da, eta programa horiek neurri zehatzen bidez. Gipuzkoako Bizikletaren Estrategia zortzi urteko behin-behineko epean garatuko da; esku-hartzeko eremua Gipuzkoa osoa izango da eta kontuan izango dira administrazio bakoitzaren eskumenak. Lehen laurtekoa pasatu ondoren, 2018. urtean, berrikusi egingo dute, ezarritako helburuak zein neurritan bete diren aztertzeko.

Anoeta-Tolosa bidegorria

Bestetik, urteetan Anoeta eta Tolosako herritarrek eskatutakoa betez, Aldundiak maiatzean hasiko da bi udalerriak batuko dituen bidegorria eraikitzen. Lanak, 2016ko urtarrilean amaitzea espero da.

Txirrindulari zein oinezkoentzako ibilbideak 2,4 kilometro izango ditu denera, eta lehen zatia erabilera partekaturako izango da. Hernialdeko bidegurutzetik aurrera Anoetaraino, aldiz, oinezko eta bizikleten eremuak bananduta egongo dira.