Letrak odol-ardotan edango dituzte aurtengo Literaturian
«Odolean daramagu» da aurten Literaturiak hautatutako lema. Literatura zainetara, pasioz –antolatzaileek dioten bezala– bizitzen baita euskal letren munduan. Odolez ez ezik, ardoz ere isuriko dira maiatzaren 28tik 31ra Zarautzen irakurri eta esango direnak.

Larrabetzun ezagutu zenak kostaldera jo eta Zarautzen egin du bizilekua. Literaturiak ez du oraino gai zentralik izan, baina hitzorduari erakargarritasuna eman eta amu pizgarri bat eskaintze aldera, aurtengoan gai nagusi bat izango du; ardoa. Leloa, bestelakoa izango da: “Odolean daramagu”. Euskal letren plazak pasioz, gorputzari itsatsita, zuzenean zainetara irensten ei ditu Euskal Herrian sortzen direnak.
Atzo eguerdian aurkeztu zen maiatzaren 28tik 31ra egingo den hitzordua. Agerraldian izan ziren Literaturia Kultur Elkarteko lehendakari Ana Galrraga, Zarauzko Udaleko Kultura zinegotzi Gari Berasaluze eta Garoako arduradun Imanol Agirre. Horiekin batera, Literaturian parte hartuko duten bi idazle; Arantxa Urretabizkaia eta Edorta Jimenez. Azken honek Nora Barclare izango du ardatz, James Joycen maitale izandakoa (maiatzak 30; 19.00). «Joycek ardo zuria edaten zuen, bere bizitzako azken denboran egunean botila pare bat edo. Maitasun istorio handia zen beraiena», aipatu zuen. «‘Mormoien bisita’ hitzaldia egingo dut, nire irakurle mormoientzat», esan zuen bromatan. AurresQ taldea izango du bidelagun Jimenezek, “Ardoaren dantza” taularatuz.
Urretabizkaiak, aldiz, Karmele Jaiorekin batera mahai ingurua egingo du, Arantxa Iturberen laguntzarekin. «Gauza bitxia da; literaturako kanona gizonek osatzen dute. Guk, antza, beste zerbait egiten dugu», esan zuen. Eta jarraitu zuen: «Guk ere odolean daramagu literatura, norbaitek uzten ez badigu ere».
Egitaraua
Literaturiak egun batzuk lehenago izango du hasierako hitzordua. Maiatzaren 14an izango da, aurkezpen modura, Bernardo Atxagak Jose Luis Padronekin eskainiko duen hitzaldiarekin.
Maiatzaren 28an, lurrin usainez eta txakolin zaporez bustiko dira Katixa Agirre, Oier Santos, Gaizka Zabarte eta Tere Irastortzaren azken lanak. Biharamunean, «etxeko» idazlearen txanda. Anjel Lertxundik egingo du irekiera ekitaldia, Modelo aretoan. Atzetik, “Porto” ikuskizuna, Harkaitz Cano eta Mursegorekin.
Larunbatean liburu azoka egingo da Zigordia kalean (udaletxe aurrean) goiz eta arratsaldez eta eguna poesia azpititulatzeko tailerrarekin abiatuko da. “Erractus” ikuskizuna egingo dute 12.00etan Danele Sarriugartek, Jule Goikoetxeak eta Kattalin Minerrek, Modelon hau ere. Arratsaldean, “Ardoa eta odola” ekitaldia, Napoka Iria eta Joseba B. Lenoir-ekin. Edorta Jimenezen hitzaldiaren ondoren, poteo literarioa egingo da Jon Alonsorekin Musika Plazatik hasita eta gauean, 22.00etan, bertso saio literarioa Putzuzulon.
Igande goizean azokak jarraituko du eta 11.30ean Dejabu Panpin Laborategiaren “Idazlea zeu zara irakurtzen duzulako” ikuskizuna eskainiko da. Urretabizkaia, Jaio eta Iturberen txandaren ondoren (12.30ean, Modelon) eta atzetik Vermut Literarioa Mikel Pagadizabal “Pagadi”-rekin, Musika Plazatik. Literaturiako azken ekitaldia 17.00etan izango da, “Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa” ikus-entzunezkoaren proiekzioarekin. Ondoren, Itxaro Bordaren errezitaldia.

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio
