Pello ZABALA
Eguraldian aditua

Portatu da

Apirila firili-faraila, jarri behar ez zen hila». Hala dio aspaldiko esaerak. Beti da gauzak erabakita uzteko atrebentzia duenik. Fama txarra, edo gutxienez, tristea ezarri izan zaio gure udaberria zabaltzen (apiriltzen) duen hilabete argitsu honi. Baina portatu? Horixe bai, portaera ederra eskaini digu.

Apirilaren datuak haizatu dira egunotan. Nik mendiarte honetakoak nahi nituzke mostrario eman, kontuan harturik, mendi eta baso, arkaitz eta trokarte, txoko honek, Gipuzkoa izkinan egonik ere, oso gertuan duela Araba, eta halatsu baita, Bizkaiko eta Nafarroako lurrak ere. Elgea mendilerroa nabarmentzen da hemen gertuan: mendi horretatik honantzako euria, Deba ibaian Kantauri itsasora doa. Arabarantz jausitako ura, aldiz, Ebron barrena, Mediterraneora.

Euritsu demaseko fama erantsi zaio, ezer izatekotan, apirilari. Izan ere, baditu urteak, emankor portatu zenekoak: 300 litro pasa 1969an; 349, handik 10 urtera, 1979an; 372, 1990ean; eta beste 9 urtetan ere, 250tik gorako emaria eman izan du.

Halere, esan dezagun, famak fama, azken 50 urteotan, aurtengoa ere kontuan izanda, 8 aldiz, 100 litroz azpitik ibili izan dela. Eskasen, 1982an; 27 besterik ez zizkigun oparitu. Iaz, 73; eta aurten, 85. Kontuan izanik batez bestekoa 179 litrotan daukagula, dezente eskastu zaigula aurten aitortu beharko...

Baina, jakina, horrek beste aldea argitu eta luzitu ohi du, eguzki orduena, alegia. Aurten, 200 ordu pasatxo oparitu digu: ordu eta erdi gehixeago. Horrela dago naturaren jantzi mostrarioa, zuhaitz eta landare, nor baino nor, moda berrien erakustokian.

Ba, aurten 200 ordu pasa izan badugu, gogora dezagun azken 50 urteon batez bestekoa 124,7an daukagula, 125era iristear. Esan behar da, baita, 50 urteotan, lehen 15etan, batez bestekoa 111 ordutan egon bazen ere, azken 30 urteotan gehien aldatu den datu meteorologikoa hauxe izan dela, eguzki orduena: asko argitzen ari da giroa, eguzki ordu ondrosoak dauzkagu azken urteotan. Eguzkiak kilima egiten dio klimari, batez ere udaberrian eta udazkenean.