Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Jose Ignacio Munilla, sexu aditua?

Sexu aditua idatzi dut, ez sexu adiktua, goiz hasi zarete gaizki pentsatzen, zuek bai pekatariak! Eta, gainera, galdera ikurraz lagundu dut esaldia, zaila egiten baitzait aditu gisa hartzea zerbait zer den ez dakiela aldarrikatzen duena. Ez dakit zuek, baina nik ez nuke erosiko etxetik behin ere atera ez den norbaiten bidaia gida. Eta zuek, berriz ere, gaizki pentsatzen, Munillak esaten badu ez dela etxetik atera, egia izanen da, ezta?

Munilla sexu aditu gisa hartzea kontraesankorra iruditzen zait, beraz. Nola daki Munillak sexuak adikzioa eragiten duela ba? Gauza bat da beste batzuek aipatutakoa errepikatzea edo idatzitakoa ontzat ematea, baina nekez kontatzen ahal digu gizon honek esperientzia interesgarririk gai hauetaz, tartean aitortu ez duen zerbait ezean, bederen.

Baina Munillak ikasgairen bat aipatu baino egia erakusten digu. Berak badaki, eta kito! Jakina, sinesten baldin baduzu uso batek haurdundu zuela emakume bat, eta hau, birjina izateari utzi gabe jainkoaren seme batez erditu zela, urte batzuetara hil eta berpiztu zena, gerora zeruetara igotzeko, Munilla sexu aditua izan daiteke zuretzat. Fedea deitzen zaio horri.

Infernua zain dugunontzat, berriz, barregarri izanen litzateke Munillarena, hagitz larria ez balitz. Ergelkeria gisa hartzen ahal dugu, baina Elizaren itzala ez da itzali, maleruski oraingoz ere itzela delarik. Matxismoa, sexu askatasunaren ukapena, menpekotasun harremanak… ez dira desagertu eta batzuk aurreratu dena atzeratu nahian dabiltza. Irudituko zaigu ez dutela oihartzunik, txantxak egiteko besterik ez duela balio zabaltzen duen mezuak, inork ez duela halakorik aintzat hartzen, eta abar, baina hobe genuke errealitatearen gordintasuna onartzea: asko falta zaigu hainbat menpekotasun eta alienazio gainditzeko.

Irri egin dezagun, beraz, baina gogotik lan egitea beharrezkoa da, egunen batean halakoak iraganeko txantxak baino izan ez daitezen.