Yoga eskolak, Zestoan elkartuta

Urte asko dira ekialdetik etorritako sineskera eta filosofiak gure gizartean zabaltzen hasi zirela. Espiritualtasunaren munduaren inguruan, hala ere, aurreiritzi asko ditugu oraindik. Horiek denak apurtzen lagundu eta yoga naturaltasun eta gertutasun handiagoz ikusteko, Espainia eta Portugaldik etorritako 500 bat lagunek zortzigarren kongresua egin dute Zestoan, lehena Euskal Herrian.

Penintsula osoko yoga eskolak elkartu dira bertan, lan egiteko modu desberdinak nolabait bateratu eta elkartasun batera iristeko. Eta horretarako, leku ezin hobea aukeratu dute, 1804. urtean inauguratu zenez geroztik lasaitasun eta atsedenaren ikur bilakatu den Zestoako bainuetxea, Euskal Herriko zaharrena.

Kongresuan, alderdi espiritualak garrantzi handia izan du, «azken finean, yoga gure benetako nortasun eta egiarekin bat egitea baita». Eta hori guztia zertarako?, galdetuko du batek baino gehiagok: «Gure bizitzaren zentzua aurkituz gero, norberaren bizimodua aldatzeko», diote. Izan ere, teknika soil batzuk ez ezik, yoga bizitzaren zentzua aurkitzeko bidea ere bada, «geure barrura begiratzen erakutsiko digun bidea».