«Benemerita»
Eguzki beroa, txapela buruan eta ura zakuan. Horrela abiatu ziren trumilka euskaldun zahar eta berri aintziraren itzuliaren egitera. Egun osoa beroa pasatzen, baina pozik aurtengo erronkak sekula baino handiagoak baitira. Herri bakoitzean ikastola baten idekitzera goaz, euskarari eremu berrien zabaltzera goaz. Noski Ipar Euskal Herriko gizartea astintzera goaz, hain baztertua zen hizkuntza bere lekua berreskuratzera baitoa. Ez da hau astinaldiren batzuk ezagutu gabe pasatuko. Haatik, helburua argi gelditzen da.
Urtetik urtera tokiko jende gehiago hurbiltzen da Senperera. Hau berri ona da, ikastola normalizazio bidean dago, euskararentzat berarentzat indar asko egiteko gelditzen bada ere. Aurrera goaz.
Dena bikain atera eta ondokoa prestatzera! Hau da urteroko erronka, euskal gizarteari ardura handia eskatzen zaio, baina ez da beste aterabiderik, biziraupena dago jokoan. Ez da txantxetakoa!
Pozik sartu gara, animatuak lanean jarraitzeko, euskaraz bizitzen jarraitzeko. Bidean errealitatearekin topo egin dugu: kontrola Azkaineko bidean eta bertan benemeritaren patrola eta kideak. Une batez Euskal Herri libre batean bizi gaitezkeela amestu genuen, beste zerbaitekin talka egin dugu. Hau ez al da herritar asko torturatzeagatik Europan kondenatzen duten «gorputza»? Jendarmeak haiekin eskuz esku. Hau da gaurkoa, deus, sekula gertatu ez balitz bezala iragaiten ari da. Haiek manatzen dute eta haien menpe gaude. Noiz arte?
Frantzia bide okerretik doa askatasun askoren ezabatzera. Duela hogeita hamalau urte, maiatzaren 10 batez ezkerrak irabazi zituen hauteskundeak eta preso politiko guztiak atera ziren eta horretarako amnistia legea bozkatu zuten, Mitterrandek hala agindu zuelako. Geroztik sekula baino preso politiko gehiago dago Frantzian, ez da kopurua ezagutzen ere presondegiak hain beteak baitira. Euskal presoen izenak ezagutzen ditugu soilik, baina askoz gehiago daude. Gehiago izango dira. Hau da Frantzia berria, sozialista! Independentziarako bidea baizik ez zaigu gelditzen zurrunbilo horretatik ateratzeko.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

«Usaban a Dios para someter a las internas, para meternos miedo»

La RDC registra el peor desastre minero del mundo en 60 años

Un vídeo prueba el disparo directo a Iker Arana, que perdió un testículo
