Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Uztondoa uzta beste on

Azken egunotan gainetik baino ez diot bota begirada nire buru-egunkariei; izan ere, nahikoa lan izan dut nire tomate landareei konbentzitzen errotu ditudan lurrarekin geroa adosteko. Tira, harira! Han-hemen irakurri dut, gainetik beti, inoiz ez bezala ari direla gaur talka egiten bi ereduak, batzuena eta besteena. Biziki jo ere, talka. Total, momentu batean pentsakor geratu naiz, satorrek tunela zulatuta utzitako lur-meta baten ondoan jesarrita; hauek behintzat lurra mugitu egiten dute, pentsatu dut nire baitan. Bai, pentsakor landareei begira, eredu bion talka horretaz… Ez! Ez nabil tomate eta lurraren artekoaz! Ezetz, demonio! Jelkide eta biltzaileen artekoaz ere ez nabilela! Arren! Baionako eta Biarritzeko talde-talkaz nago; ez dakit errugbia ulertzeko modu bi diren ala hiria bera ulertzeko moduak diren. Hortaz pentsakor, bai.

Dena dela, eta hauteskundeena atera didazunez, luzatu egin dut gogoeta, nire ondoko lurrak mugitzen segitzen duela. Heldu da H eguna! H, heldu izanarena. Hitzek lasaitu ederra hartuko dute honezkero, belarriak ohiko zarata entzutera berriz bueltatuta. Alea jacta est! Zorte kontua ez bada ere. Gaurkoak ez du bueltarik. Gauean jakingo da zertan diren egoera batzuei buelta emateko benetan diren aukerak. Eta datozen egunetan, jakingo edo, aukera horiek gauzagarriak diren ala ez diren. Aukeren eta arriskuen arteko talka, oraingoan. Gaur gauean zenbakien ordua da, bihartik aurrera zenbatzaileena, nork-nori-zer-zertarako!

Bihartik aurrera izango dute zentzua kanpainako perpausek, nagusiak izan direnak ez ote diren erlatiboak izango. Hain dira erlatiboak kanpainako hitzak! Amen. Gaur inkesta bakarra da; eta garrantzitsua da argazkian batzuk mugituta ateratzea, geldituko ez diren seinale. Uzta funtsezkoa da, baita uztondoak ere! Atez ate, hurrengo uztaroak gogoan!