GARA
DONOSTIA

Arte eszenikoen erreferentzia nagusiak, Bilboko Kalealdian

Ekainaren 29tik uztailaren 4ra bitarte egingo da aurten Bilboko Kalealdia, Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdia. Arte eszenikoetan erreferentzia diren talde nagusien bilgune bilakatuko da Bizkaiko hiriburua; 27 konpainia eta 70 emanaldi izango dira orotara.

Bilboko kaleak agertoki bilakatuko dira ekainaren 29tik uztailaren 4ra Kalealdiaren XVI. edizioan. Nazioartean erreferentzia diren taldeak izango dira aurten parte hartzaileen artean, 27 konpainia guztira. Horien eskutik 70 emanaldi izango dira orotara Bilboko Zazpikaleetako ohiko agertokietan, Arbieto kalean eta aurten, berrikuntza gisa, baita Casilda Iturrizar parkean ezarriko den karpa handian eta aire zabaleko ikuskizun gunean ere. Eskaintza guztiak doakoak izango dira, karpa horretan egingo diren hiru emanaldi izan ezik. Ikuskizun horiek 2 euroko prezio sinbolikoa izango dute, 220 pertsonara mugatuta dagoen leku kopurua errespetatze aldera.

Edizio honetan parte hartuko duten 27 konpainietatik zazpi Euskal Herrikoak dira, sei Estatu espainolekoak, eta beste hamalauak Estatu frantsesekoak, Belgikakoak, Italiakoak, Japoniakoak eta Kenyakoak. Guztiek euren azken lanak erakutsiko dituzte Bilbon, musikatik dantza garaikidera doazen proposamen eszeniko berritzaileak, kaleko antzerkia, zirkua, clowna edota txotxongiloak.

Kalealdia ekainaren 29an abiatuko da gaueko ikuskizun bakarrarekin. 21.30etik aurrera, Casilda Iturrizarrera Bazar Forain taldeak zirku beldurgarria ekarriko du, umore beltzez eta musika iradokigarri eta basatiz lagunduta.

Biharamuna emanaldiz jositako eguna izango da, hamar ikuskizun ingururekin. Hitzorduak, Casilda Iturrizar parkean arratsaldeko lehen orduan eta Arbieto kalean, gau partean. Jardunaldiari amaiera emateko, aurten ere Arriaga plazan izango den gaueko proposamen bat izango da. Ekainaren 30eko egitarauaren barruan, Les Traîne-Savates konpainia azpimarratu dute antolatzaileek. Kaleko banda horrek funk musika frenetikoa eskainiko du, mozorroz, umorez eta erritmoz josita. Kalealdian bi ikuskizun aurkeztuko dituzte, “Aire 2 funk” eta “Coup d’Savate”. Jaialdiak uztailaren 1ean jarraituko du hamabi proposamen berrirekin.

Aurtengoan, lehen aldiz, jaialdiak goizeko ikuskizunak programatu ditu. Asteazkenean eta ostegunean, uztailaren 1ean eta 2an, bi ikuskizun izango dira Areatzan, 12.00etan, Cie Poc eta Dromosofista taldeekin. Antzerkia, zirkua, clowna, musika eta txotxongiloak uztartzen dituzten emanaldi horiek familiei zuzendutakoak dira.

Euskal konpainiak

Bilboko Kalealdiak arte eszenikoetako euskal ekoizpen berrienetako batzuk aurkeztuko ditu. Haatik Dantza Konpainia, Markeliñe, Pez Limbo, Zanguango Teatro eta Deabru Beltzak & Les Commandos Percu izango dira aurtengo gonbidatuak.

Kalea hartuko duen lehenengoa Markeliñe izango da, familiei zuzendutako “Andante” proposamenarekin (uztailak 2, Areatzan). Hurrengo egunean Deabru Beltzak & Les Commandos Percu taldearen txanda izango da, formatu handiko “Danbor Talka – Le Choc des Tambours” gaueko emanaldiarekin. Ikuskizun zaratatsua da, amaiera piroteknikoa duena. Emanaldia Arriagako zubitik Areatzara bitartean eskainiko da, uztailaren 3an eta 4an, gauerditik aurrera.

Edizio honetako proposamenen artean Japoniako Zange eta Kenyako Afro Jungle Jeegs konpainiak azpimarratu ditu antolakuntzak. Lehenengoak dantza eta malabarismoa ekarriko ditu Bilbora, inprobisazioa eta ikusleen parte hartzea sustatuko dituena. Bigarrenak, “In total control” ikuskizuna ekarriko du Bilbora, zirkua eta Afrikako musikaren erritmoak batuko dituzten sei gazte akrobata kenyarren eskutik.