Jon LEUNDA
Sega

Europako sei herrialderik onenak Azpeitira datoz

Euskal Herria, Alemania, Suitza, Austria, Hego Tirol eta Eslovenia lehiatuko dira Europako Txapelketan.

Sei herrialdek parte hartuko dute abuztuaren 28tik 30era Azpeitian jokatuko den Europako Txapelketan. Loiolako Santutegiko belardietan jokatuko da aurtengo txapelketa. Umeena, berriz, Ikasberri ikastolako belardietan izango da. Atzo aurkeztu zuten Donostian ekitaldi garrantzitsu hau. Hamabi urte joan dira txapelketa garrantzitsu hau azkenekoz Euskal Herrian antolatu zenetik. Orduan Seguran izan zen.

Euskal Herria, Suitza, Alemania, Hego Tirol, Eslovenia eta Austria izango dira arituko diren sei herrialdeak, gaur egun Europako segalaritzan dauden sei herrialde indartsuenak, hain zuzen ere. Talde bakoitzak hamar segalari ekarriko ditu mutilen lehiarako, eta bost neskenerako, baina Suitzak gizonezko bat gehiago ekarriko du, iazko txapelduna hangoa delako, eta Austriak, emakumezko bat gehiago izango du, iazko txapelduna hangoa delako.

Aurten, gainera, aurreneko aldiz jokatuko da gaztetxoen mailako Europako Txapelketa. Segaz gain, musika eta euskal kulturako hainbat ekitaldi ere izango dira. Hilaren 28an, harrera izango da Azpeitian, eta 29an, 16.00etan, gaztetxoen lehiaketa jokatuko da. Maila nagusiko txapelketak, bai nesketan bai mutiletan, abuztuaren 30ean jokatuko dira, 11.30ean hasi eta 19.30ean amaituta. 

Euskal Herria ordezkatzen Mitxelena, Goenaga, Artzelus, Gabirondo II.a, Lizartza, Otegi, Urrutia I.a, Urrutia II.a, Aimar Garmendia eta Urkola arituko dira mutiletan, eta nesketan, berriz, Imaz, Mazkiaran, Astondoa, Otamendi eta Galarraga, horiek lortu baitzuten larunbatean, Tolosan amaitu zen Euskal Ligan, Azpeitian izateko txartela.

Txapelketa hau ezagutarazteko egin duten spota ere aurkeztu zuten, eta bertan Asier Illaramendi eta Mikel Aranburu futbolariak agertzen dira. Belar gainean egiten diren kirol ezberdinen arteko jokoa egin nahi izan omen dute.

Kontuan hartuta segako ekitaldia luzea izango dela, nahiz eta eguerdi partean atsedenerako tarte bat izango den, jatekorik eta edatekorik ere ez da faltako.