J.L.
TRONTZA

Aurreneko helburua finalean sartzea da

Uharte Iruñerriko plazan jokatuko da gaur, 19.00etan, Euskal Herriko Lehen Mailako kanporaketa. Zazpi partaide izango dira bertan, eta aurreneko sei sailkatuek lortuko dute uztailaren 26an Elizondon jokatuko den finalean parte hartzeko txartela.

Bost bikote nafar eta bi gipuzkoar izango dira parte hartzaileak. Iraola eta Garmendia, Esnaola eta Aizpurua, Eugi eta Kañamares III.a, Kañamares IV.a eta Kañamares V.a, Irigoien eta Etxenike, Pikabea anaiak eta Barberena anaiak izango dira lehian arituko diren bikoteak.

Bikote bakoitzak 45 ontzako etzaniko enborrari bost epai eman beharko dizkio, hasteko; jarraian, beste bost tamaina bereko zutikako enborrari, eta azkenik beste bost etzaniko 45 ontzakoari.

Zazpi biko horien artean hiru dira faboritoak, eta gauzak gaizki egiten ez badituzte, hirurek finalean izan beharko lukete. Esnaola eta Aizpura, Barberena anaiak, eta Kañamares III.a eta Eugi dira hiru horiek. Txapelak ere, ezusterik ezean, hiru horien artean egon beharko luke, baina aurrena lana egin beharko dute. Usteak bakarrik ez du balio eta lana gogotik eta txukun egin beharko dute, uztailaren 26ko saioan egon nahi baldin badute. Deigarria da bi herrialdetako trontzalariek soilik ematea izena parte hartzeko, nahiz eta Lapurdin, Bizkaian eta Araban ere bikote ugari dauden.