Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Tunel batek aho bi

Kolpea bada ere, han-hemengo gizarteen gainazala tunelez beteta dago. Bai, tunel gehiago dago azalean lur barnean baino. Han-hemen diren arazo asko, eta askotarikoak, koiunturalak barik estrukturalak dira, egiturazkoak. Eta horietan denboran neurtua irtenbide zehatzik izan ezean, tunelean gara, argiak gu noiz ikusiko zain. Bai, badakit tuneleko irtenbide guztiak ez direla konponbideak, eta batzuk hor-konponbideak ere izan daitezkeela, baina bidea ibili beharra dago tuneletik, ezker-eskuina astinduz, ezkerra batez ere, eskuinaren eskerra izan ez dadin. Ibili, bai, gelditu barik, dabilen oinari ez baitzaio goroldiorik lotzen, ez lurpean ez lur gainean ere. Gainera, tipi-tapa ibiltzean airea haize bihurtzen dugu, are gehiago euskaldunok, ditugun belarriekin!

Ibili, demontre, tuneletik atera orduko eguraldi lainotsua bada ere! Hobe kanpoko goibela barruko eguzkia baino. Ezin dena da geldi geratu han, trena noiz pasatuko zain, pasatzekotan ere kontrako norabidean pasa daitekeelako, eta, trena horrela, tunelera sartu garen aho beretik aterako ginatekeelako, atzera eginez, atzera berriz. Bada ez, sartzeko ez den ahotik atera behar dugu tuneletik, tunel-aldia onerako baliatuko badugu behintzat.

Zertara datorren hau? Ez, ez horixe, ez nago Akropoli inguruko herrialdeaz, ez, abiadura handiko tunel horiek gurean eragiten ari direnaz nago. Lurraldearen odola ur-hustutzen daude, tunelak ibai bihurtu ararazita. Eta hau kolpea! Lurpean uholdeak dituen lehenengo erregioa izan daiteke gure hau, innobazioa ulertzeko modu ofizial berrituan. Tira, frogatua geratu da, Gipuzkoan behintzat, ez zutela zementua sartu tuneletan, ez esan beste sikiera. B plana izango dute buruan, Beharbadarena, lehor utzitako errekastoei ura Zadorratik eramateko edo. Arduragabekeria antolatua. Innobazio demontrezkoa! Amen.