Jon GARMENDIA
BIG FESTIVAL BIARRITZ

ORTZANTZAREN ERDIAN AGERTU ZEN GAUEKO IZARRA

ZEA MAYS BILBOTARRAK EZUSTEKO GOZOA IZAN ZIREN BIARRITZEKO AGILERA ZELAIAN, ETA GEORGE EZRA INGELESAREKIN BATERA KOLOREA EMAN ZIOTEN JOHNNY HALLYDAYK POLARIZATU ZUEN GAUARI OSTIRALEKO BIG FESTIVALEKO KONTZERTU HANDIAN.

Gaueko 22.45 ziren Johnny Hallyday Agilerako oholtzan agertu zenean «Bonsoir Biarritz» gozoki erran, eta “Rester Vivant” kantuarekin emanaldiari hasiera emateko. 72 urteko artista handiak abesti horren izenburua jarri zion iazko azaroan kaleratutako diskoari, «bizirik egotea», eta atzokoan, nehoiz baino biziago agertu zen Big Festivaleko agertoki nagusian. Parisen Jean-Philippe Smet izenarekin sortu zena, zaleen pizgarri eta pozgarri izan zen bere karrerako 183. biran. Urte anitz pasatu baitira Biarritzera azkenekoz etorri zenetik, halaxe aitortu zuen berak, eta estatu frantsesean mito bat den kantariak ez zuen bere jarraitzailerik isilean edo geldirik utzi, aukeran, espero baino jende gutiago egon bazen ere, 5.000 pertsona inguru. Zaleei itxarotea egokitu zitzaien, bestalde, ordubete baino gehiago igaro baitzen George Ezrak agertokia utzi zuenetik, eta honek bukatu bezain laster sekulako euri jasa izan zen Lapurdiko hirian, ortzantza eta tximista arteko hezetasun deserosoa. Baina publikoak zutik atxiki zion euripean, zapia buruan zeukaten ehunka fan «Johnny, Johnny» oihuka, eta pozaren eztanda ukan zuten Hallydayren rock-and-rollak bazterrak doinuz bete zituenean. Hamabi musikari eta lau korista, oroitzeko moduko kontzertua osatzeko. Aspaldi jo gabeko kantuak eskaintzera lotu da berriro Hallyday, eta haietako batekin sutu zuen giroa lehenengoz: “J'ai pleuré sur ma guitare”, sare sozialen bidez zaleek behin eta berriro eskatu dioten kantua, atzokoan gainera etxekoek ere gehien maite duten kantua huraxe dela azaldu zuen. Haren gibeletik “Au café de l'avenir” eskaini zuen eta Maxim Nucci Yodelice gitarra jotzera igo zen rockero handiarekin, hor, publikoaren zoramena etorri zen; kantu hori Nuccik idatzia da, eta dagoeneko 500.000 kopia salduak dituen “Rester Vivant” diskoan sartu du Hallydayk, Daran eta Julien Doreren kantu bana sartu duen gisa. Zoramenak “Oh! ma jolie Sarah” abestiarekin jarraitu zuen, eta hortik amaiera bidean twist, rhythm and blues, soul, eta rock psikodelikoaren hegalak astindu zituen kantu serie eder batekin, Biarritzeko giroa eskertuz agertokira bigarren aldiz aterata “Te manquer” kantuarekin amaitu zuen emana. Gustuak gustu, parekorik gabeko artista dela erakutsi zuen Hallydayk atzokoan berriro.

Ezra, bikain

Kontzertu azpimarragarria eskaini zuen, bestalde, George Ezra ingelesak; 22 urteko gazteak talentua duela erakutsi zuen, musikazale anitzen ahotan dabil azken garaiotan, batik bat “Budapest” singlearekin hamar herrialdetan zerrendaburu izatea lortu ondoren, eta 2015eko Youtube-ko saria eskuratu ondotik. Bitxikeria gisa, “Goober peas” kantuaren introarekin abiatu zuen emanaldia, Ameriketako Estatu Batuetako Gerra Zibilean hegoaldeko soldadu konfederatuen bizimodua agertzen zuen kantua, doinu gisa lehenagotik baliatu bazen ere, 1866an abesti bihurtua New Orleansen. Burl Ives, Johnny Cash eta Elton John bezalako musikari munstroek jo izan dutena. Country sotila, garbia, eta rock arina maisuki uztartu zituen Ezrak Biarritzen. Erakustaldia.

Hastea suertatu zitzaien Zea Mays bilbotarrei, eta oraindik ez zen jende anitz bildu Agileran, baina beren oinarri erritmiko perfektuek bat baino gehiago jarri zuten dantzan. Bilbokoen ñabarduraz jositako rockak preso hartzen du bere sareetan entzulea, eta Aioraren ahots parekorik gabeak lagunduta, taldea izenez ere ezagutzen ez zuten askoren harridura piztu zuen, batez ere klasiko bilakatu den “Negua joan da ta” jo zutelarik, ondokoari nongoak ziren galdezka atzeman baikenituen asko eta asko. Get In musika promozio taldearen apustua izan da Zea Mays Big Festivalen programatzea, eta baita Zestoako Rural Zoombies ere, honela, Lapurdiko jaialdi entzutetsuan Euskal Herriko talde batzuei toki bat egitea lortu dute, atzerriko izarren artean haiek ere diz-diz egin dezaketela frogatzeko. Eta asmatu dutela dirudi.