Jon GARMENDIA
Idazlea

Bigger

Ez da erraza musika jaialdi batek uzten duen sentsazioa laburbiltzea. Kontzertuak amaituta, etxerakoan, autoan, abeslariaren irudiek asaldatzen zaituzte, gitarrista ikusten duzu jolasten, eta baxua baxu, bateriarekin batera. Oraino abesti bat edo beste buruan duzula iruditzen zaizu, eta lotarakoan, ametsetara bildu aitzin bibrazioek hartzen zaituzte gorputzez, baina festa labur edo luze, belarria zulatzen dizun harrabots batek biltzen zaituela nabarituko duzu izara artean. Eta nola desberdindu talde batek utzi dizun ezti zaporea eta bestearekin izandako beherakada? Nehola, hori da beste gauza anitzen artean musikaren magia. Hiru egunez jarraitu dut Biarritzeko Big Festival, eta hemen aipatu ditudan sentsazio horiez gain, jendeari entzun dizkiodanak oroitzen ditut orain. Batzuen ustez, akatsez betetako jaialdi bat baino ez da. Txartel bat jarri zuten edariak erosteko, baina akats informatiko baten bidez milaka izan ziren lehen egunetan baliatu gabe gelditu zirenak. Sare sozialetan anitz dira kexu, prezioen garestiagatik batzuk, kalitate eskasarengatik bestetzuk, eta hamarka dira komunetan kokaina arrasto bat sartzera joan zirela erraten dutenak eta segurtasunekoak agertu, komunetik atera, eta diru guztia ebatsi zietela salatzen dutenak. Batek daki zer duen egiatik, baina salaketa publikoak hor daude. Bestalde, ezin ahantzi hastapeneko polemika Sebastien Farran antolatzaile nagusi eta Joey Starren artean. Baina ezin ahantzi ere 50.000 jende mugitzeko gai dela Lapurdiko hirian; ez dira halako ekimen anitz. A, eta ezin ahantzi ere, Bigeko zeruan euskararen presentziak zeroan segitzen duela.