Jon Leunda
TRONTZA

Mutilen eta nesken Euskal Herriko finalak prest daude

Bihar arratsaldean jokatuko dira Elizondoko pilotalekuan, 19.00etan hasita.

Gizonezkoen eta emakumezkoen Lehen Mailako Euskal Herriko finalak jokatuko dira bihar, Elizondoko Iriarte pilotalekuan, 19.00etan.

Mutilek jadanik kanporaketa bat jokatu dute, eta bertan hango sei onenak lehiatuko dira. Eugi eta Kañamares III.a, kanporaketako onenak, Barberena anaiak, egungo txapeldunak, Esnaola eta Aizpurua, Kañamares IV.a eta Kañamares V.a, Pikabea anaiak, eta Iraola eta Garmendia izango dira jardungo dutenak.

Lanak hauexek izango dira: bikote bakoitzak 60 ontzako enborrari, etzanda jarrita, hamar epai eman beharko dizkio, eta sei kana-erdikoa etzanda eta sei kana-erdikoa zutik ebaki.

Nesketan, berriz, aurtengoan hiru besterik ez dira arituko, eta hirurak, gainera nafarrak dira. Iraizoz ahizpak, Sorondo eta Garcia eta Ontsalo eta Sousa lehiatuko dira. Bikote bakoitzak etzanda jarritako 45 ontzako enborrari hamar epai ebaki beharko dizkio.

Aizkora

Bihar, 18.00etan jokatuko da, Mendaroko Goñati pilotalekuan, Gipuzkoako Lehen Mailako finala. Larrañaga, egungo txapelduna, Azurmendi, Olasagasti, Otaegi eta Mugertza II.a izango dira lanean arituko diren bost aizkolariak. Bakoitzak, lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko ebaki beharko ditu.

Mikel Larrañagak eman zuen iaz ezustea txapela lortuta, eta aurtengoan hura baieztatzen saiatuko da. Finaleko bostetatik lauk badakite txapela lortzea zer den. Txapela lortzeak garrantzi handia izango du, baina baita azkena ez geratzeak ere; izan ere, sailkapena ixten duenak datorren denboraldian Bigarren Mailan aritu beharko du. 

Hori dena kontuan hartuta, borroka handia espero da, finala bera oso estua agertzen baita. Denek nahiko dute txapela eskuratu, baina inork ez du nahiko maila galdu, eta garbi dago edozertarako ere lan handia egin beharko dela.

Lokotx-biltzen, Nafarroako finala jokatuko da bihar Elizondon, trontzalariekin batera.