Jon LEUNDA
TRONTZA

Txapelek orain arte zeuden lekuan jarraituko dute

Barberena anaiak eta Iraizoz ahizpak izan dira berriro ere Euskal Herriko Txapelketako bikoterik onenak.

Barberena anaiak gizonezkoetan, eta Iraizoz ahizpak, emakumezkoetan; horiek izan ziren herenegun iluntzean Elizondon Euskal Herriko Trontza Txapelketan garaipena eskuratu zuten bikoteak.

Gizonezkoetan sei bikote lehiatu ziren, aurretik jokatuta zegoen kanporaketako onenak, eta oraingoan ere txapelari eutsi egin zioten Barberena anaiek. Oraingo honetan Eugik eta Kañamaresek garaipena lortuko ote zuten errezeloa ere bazegoen. Kanporaketako onenak izan ziren, eta Nafarroako txapela ere beraiek irabazi zuten, baina oraingoan ez zen ezusterik izan.

Lana ere aurreko bi saioetakoa baino handiagoa zen, eta hor barberenatarrak maisuak dira. Eugi eta Kañamares III.a indartsu abiatu ziren, baina ezin izan zuten lehen postu horretan jarraitu, nahiz eta emozioak amaiera arte iraun zuen.

Txapeldunek behin aurrea hartu zutenean nahikoa lan izan zuten horri eusten, bi gazteek indartsu jarraitu baitzuten bukaerako epaira arte. Hala ere, azkenean 22 segundok erabaki zuten auzia Barberena anaien alde.

Hortik atzerako postuak amaitzerako finkatuak zeuden, eta ez zen aparteko emoziorik izan. Esnaolak eta Aizpuruak osatu zuten podiuma. 11 minutu eta 34 segundo behar izan zituzten Barberena anaiek lan guztiak burutu ahal izateko; 11 minutu eta 56 segundo, berriz, Eugik eta Kañamaresek, eta 13 minutu eta 24 segundo, Esnaolak eta Aizpuruak.

Laugarren postuan, Kañamares lehengusuak sailkatu ziren, lanak 16 minutu eta 2 segundoan amaituz. Bosgarren Pikabea anaiak sailkatu ziren, 17 minutu eta 7 segundoko denbora eginda, eta sailkapeneko azkenak Iraola eta Garmendia izan ziren, lanak 18 minutu eta 48 segundoan burutuz. Bikote bakoitzak etzaniko kana-erdiko enbor bati sei epai eman behar izan zizkion, eta beste horrenbeste, zutikakoari. 60 ontzako etzanikoari, berriz, hamar epai eman zizkioten. Aipatzekoa da Igor Esnaolaren jarduna, goizean Euskal Herriko segalarien kanporaketan aritu behar izan baitzuen, eta arratsaldean trontzako finalean.

Nesketan ere txapelak lehengo lekuan jarraituko du, Iraizoz ahizpek irabazi baitzuten, final estu baten ostean. Hiru partaide izan ziren lanean aritu zirenak, eta denak 37 segundoren barruan sartu ziren. Bakoitzak 45 ontzako etzaniko enbor bati hamar epai eman behar izan zizkion.

Hasi eta buka saio oso polita izan zen; berdintasun handia izan zen hiru bikoen artean. Iraizoz ahizpek 4 minutu eta 43 segundoan burutu zituzten lanak. Bigarren Sorondo eta Garcia sailkatu ziren, 21 segundora, eta hirugarren postuan, Ontsalo eta Sousa, 37 segundora.