Jakes PARROU
DONOSTIA
KATALEJUZ

Tokiz kanpoko hainbat gauza, hurrengorako

Liburu dendetako apalategietan bada Josean Olabe artistak osatutako lan bitxi bat: ‘‘Donostia itxuraldatzen’’ du izenburua eta hiriko hainbat elementu tokiz aldatuta sortzen diren ikuspegi berriak eskaintzen ditu, jolas modura. Ez ote litzateke Aste Nagusiko zenbait gauzekin berdina egin behar?

Adibide xumea gauez Kursaaleko terrazetan gertatzen dena da. Astiro-astiro dastatzeko mundu osoko gutiziak eskaintzen dituzte postuek (Baztandik Thailandiara, Mexiko, Argentina edo Italiatik pasata), baina DJaren musikak ez du gehiegi laguntzen. Bietako bat tokiz kanpo dago, nabarmen. Patrika nahiko beteta dutenentzako mojito, caipirinha eta abarrak dastagai daude, baina, aldiz, txunba-txunbak 15 urtetik beherako neska-mutikoak erakartzen ditu bereziki, jakina, beren litro merkeak besapean.

Barrakak ere, bitxi samar. Handienak Paseo Berrian. Txikienak, ordea, Artzain Onaren katedralaren atzealdean. Haurrentzako buruhaustea. Nora joan?

Zalantza bera pizten zaie musikazaleei. Astearte gauean, esaterako, Vendetta Flamenkan ala Hesian Saguesen? Biak batera ezinezko. Hobe banatu ziren estiloak bart: egitarau ofizialak Berri Txarrak jarri zuen agertoki handian, piratek Kepa Junkera beren txokoan. Bi aukera beraz.

Saguesek ere zeresana eman du (zerk ez Donostian?). Basterretxearen “Bakearen Usoa” bertan dela-eta, oholtza zertxobait aurreratu dute eta zenbait ikusle eta aditu marmarrean dabiltza. Errazago dute Flamenkan... enbatarik ez datorrenean! Ekaitz arriskua zela eta, gaueko kontzertuak bertan behar utzi behar izan zituzten herenegun eta atzo ere zenbait kalte eragin zuten haize bolada bortitzek.

Eta zezen plaza? Iruñea, Gasteiz eta Bilbokoak hiri erdi-erdian daude, Donostiakoa, aldiz, mendi puntan. Lotsa eragingo ote zien eraiki zutenei? Baina zinez zerbait tokiz kanpo baldin bada, hori Espainiako Armadako Itsas Komandantziako piperpoto handia da, gero eta handiagoa itxuraz, kaian bandera piratarekin lehian. Ez litzateke Illumbeko sarreran itxurosoago geldituko?