Akordioa lortuta, lanera itzuli dira Pamplonica enpresako langileak
Hiru hilabeteko grebaren ostean, Pamplonica enpresako langileek eta zuzendaritzak akordioa lortu dute, eta gaur itzuli dira lanera. 2012an, beren soldataren %20 murriztea onartu zuten langileek, 30 hilabetez. 2015eko urtarriletik zor dietena berreskuratuko dute orain.

Pamplonica haragi produktuak ekoizten dituen lantegiko plantillak berriz ere lanari ekingo dio gaur, maiatzaren 14an abiatutako grebaren ondorioz geldirik egon ostean, enpresako zuzendaritzarekin akordioa lortuta eta konkurtso administratzailearen oniritziarekin. Akordioan, enpresak 2012ko ituna onartzen du eta, ondorioz, langileek berreskuratu egingo dute zor dietena, hau da, 2015eko urtarriletik hilabete bakoitzeko soldataren %20.
Maiatzaren 14an hasita, ELAk deitutako grebak bere helburu nagusia lortu du, sindikatuak ohar batean adierazi duenez, alegia, soldaten %100eko aitortza 2015eko urtarriletik, eta horrekin batera, apiriletik zorretan zituzten soldaten ordainketa.
«Beste behin agerian geratu da nola langileon batasunak eta antolakuntzak enpresaren itxikeria zuzentzea lortu duen. Gogoan izan 2012an Nafarroako Gobernuaren, langileriaren eta Pamplonica enpresaren artean akordioa adostu zela, non Gobernuak 500.000 euro jarri zituen eta plantillak 30 hilabetez bere soldataren %20 jarri zuen; orain enpresari zegokion akordioa betetzea, hau da, 2015eko urtarriletik langileei zegozkien %100eko ordain taulak ezarriz», azaltzen du sindikatuak.
2015eko hasieran ordea, enpresak 2012an adostutako akordioa ez betetzea erabaki zuen, soldatatik kendutako %20 berriro igotzeari uko eginez. Horren ondorioz, langileek greba abiatzea erabaki zuten maiatzean.
Orain, lortutako azken akordioarekin pozik agertu da sindikatua, eta, horrez gain, Pamplonica enpresari exijitzen dio lan jarduerari jarraipena eman eta enplegua mantentzeko konpromisoari eutsi diezaion.
Horrekin batera, uztailaren 23an hasitako merkataritza arloko konkurtsoan beharrezko neurriak ezar ditzatela eskatzen du, «Nafarroan historikoa den enpresa baten behin betiko errekuperazioan» urratsak egiteko.
Protesta Amma Argarayn
Bestalde, Amma Navarra enpresak kudeatzen dituen adinekoen egoitzetako langileek mobilizatzen jarraitzen dute bi langileen kaleratzea eta beste hainbati ezarritako zigorrak salatzeko. Hala, Iruñeko Amma Argaray egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean, hain zuzen ere, bertako langileak direlako kaltetuak. Uztailaren 17an izan ziren kaleratuak bi langileak, horietako bat ELAko ordezkaria. Beraiekin batera, beste zazpi langile zigortu zituzten, 15 eta 30 egun bitarteko soldata kentzearekin.
ELA sindikatuak adierazitakoaren arabera, Amma Argarayri dagokionez, Nafarroako Gobernuak 60 bat plaza laguntzen ditu diruz, «baina orain arte ez dute lan baldintzen eta bestelako xehetasunen jarraipenik egin». Horregatik, neurriak hartzeko eskatu diote Gobernuari.

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado
