GARA
TIANJIN

«Leherketen epizentrotik urruti» egotea gomendatu dute Tianjingo agintariek

Asteartean Tianjingo portuaren inguruan euripean ibili ziren herritar eta kazetariek erremina jasan dute larruazalean eta ezpainetan, hilaren 12ko leherketek askatu zuten kutsaduraren eraginez. Agintariak gunea garbitzen saiatzen ari dira, baina bitartean «leherketen epizentrotik urruti» egotea gomendatu dute, «ez dago-eta beste irtenbiderik».

«Ez dago produktu kimikoek eragindako kutsadurak kaltetutako zibilik erregistratuta», esan zuen atzo Bao Jingling Tianjingo Ingurumenaren Babeserako Bulegoko ingeniari nagusiak prentsaurreko batean. Berak nolabaiteko lasaitasuna helarazi nahi zuen, beldurra nagusitzen ari den momentuan.

“South China Morning Post” Hong Kongeko egunkariak argitara eman duenez, asteartean portuan euripean ibili ziren herritar zein kazetariek erresumina izan zuten larruazalean eta ezpainetan. Gainera, giroa gehiago larritzeko, atzo goizean, leherketak izan ziren biltegitik gertu dauden errepideetan, lurrean agertu zen apar zuri batek aukera okerrenak ekartzen zituen gogora. Baok esan zuen aparrak zerikusirik ez zuela oso toxikoa den sodio-zianuroarekin. Baina lasai egoteko aukera handirik ez dute Tianjinen. Iturri ofizialek esan dute leherketen eremuan bildu duten urak (40.000 metro kubiko) zianuro arrastoak dituela. Eta puntu batzuetan dagoen zianuro proportzioa oso kaltegarria dela gizakion osasunarentzat.

Bao Jinglingek herritarrei gomendatu die «leherketen epizentrotik urruti egoteko, ez dago-eta beste irtenbiderik». Zhang Tingkun Tianjingo alkateordeak, berriz, portuko edukiontzi terminalean zeuden 700 tona sodio-zianuroetatik 150 tona baino ez dituztela garbitu onartu zuen. He Shushan zinegotziak erantsi zuen dagoeneko osatu dutela terminalean gordeta zeuden produktu guztien zerrenda: 3.000 tona.

Ruihai International Logistics biltegiaren jabetza duen konpainiako langile batek adierazi du bertan segurtasun arauak ez zirela beti errespetatzen, Xinhua agentzia ofizialaren arabera. Xinhuak berak atxilotuta dauden konpainiako zuzendaritzako hamar kideetako batzuk elkarrizketatu ditu. Bertan esaten dutenez, segurtasun arauak urratzea bertan egiten ziren irregulartasunen artean zegoen.

Diruzalekeria eta tragedia

“Caijing” aldizkariak orain egun batzuk zabaldu zuen bide beretik, Txinako agentziak dio Yu Xuewi eta Dong Shexuan (Dong Mengmeng ere deitzen diote) zirela konpainia benetan kudeatzen zutenak. Azken hori Dong Peijun zenaren semea da, Tianjingo portuko agintaritzako buru-ohiarena alegia. Dongek orain hiru urte ezagutu omen zuen Yu, eta bien artean asmatu zuten beraien lotura horietatik etekin ekonomikoak ateratzeko modua: baimenak eta ziurtagiriak emateko garaian oso bizkor ibiltzen ziren, esaterako, produktu toxikoak gordetzen zituen biltegia etxebizitzetatik 560 metrora eta tren geltokitik 630 metrora eraikitzea baimendu zuten, Txinako legediak exijitzen duen kilometroa errespetatu gabe.

Tragedia eta txikizioa eragin duten faktoreak argitzen hasiak dira, baina oraindik ez da esplikatu zerk eragin zuen lehen leherketa. Ezta ere suhiltzaileei zeren aurka borrokatu behar zuten esan zitzaien ala ez.