Jon GARMENDIA
Idazlea

Aparkatzen ari gara

Finki egiten zuen dei telefono zaharrak, eta etxean askotan uzten genuen «ring-ring» ari zedin, nehork ez baitzuen hura hartzeko gogorik, deia ez baitzen altxatzen zenarentzat izaten. Ohitzen hasiak ginenean erantzungailua zeukan tresna berria jarri zuten gurasoek, eta harekin ipurdia sofa gainetik altxa beharra zegoen, zuretzako mezua etxeko guztiek ez entzuteko.

Aitak maiz aipatzen zuen telefonorik ez geneukanean jende gehiago etortzen zela baserrira, edozer konturen aitzakian bazkalostean etorri eta afari-meriendarekin bukatzen zela bisitaldia gainera. Erantzungailuak, aldiz, auzokoaren funtzioari betebehar bat kendu omen zion, gurera etorrita etxean nehor ez bazen, auzokoari ematen zitzaiolako abisua, eta hura biltzen zen afari-meriendara, auzoko kontuak aletzeko artoak bailiran.

Oroitzen dut kablerik gabeko telefonoa noiz ukan nuen eskuetan lehen aldiz, ez zitzaidan patrikan kabitzen, eta ongien oroitzen dudana deitzeko izateaz gain mezuak idazteko balio zuena da; ordutik aitzina ez dut gutun askorik idatzi, ezta egondako tokien postalik bidali ere. Orai, Donibane Lohizunen telefonoz ordainduko da parkinga, horra noraino hobetu diren telefonoak eta zein ezinbesteko bilakarazi dizkiguten. Aurrerakuntza teknologikoek beti ekarri dituzte aldaketak; gureek, ez dakit nori egiten dien on, guri ala Sistemari.