Jon LEUNDA
PILOTA

Lanbertarrek gogor jo dute

Azken txanpan 4-14ko partziala lortu dute Ospital eta Ezkurraren aurka, Larresoroko Torneoa irabaziz.

Lanbert anaiek irabazi egin zuten atzo Larresoroko Torneoa, finalean Ospital eta Ezkurra 40 eta 26 mendean hartu ostean. Oraingoan ere trinketeko harmailak leporaino bete ziren, uda guztiko torneoetan bezalaxe.

Norgehiagoka ona ikusi zuten atzo Larresorora joan ziren zale guztiek, eta gogorra ere bai, 85 minutuko iraupena izan baitzuen. Lanbert anaiek iaz oso uda ona egin zuten, baina aurten ez zebiltzan horren fin, baina hortxe dute txapel bat.

Lanbertarrak agintari hasi ziren, eta markagailuan 0-3 eta 5-12 jarri ziren aurretik. Bide oso onetik zeramaten neurketa, baina Ospitalek eta Ezkurrak erreakzio bikaina izan zuten, eta partida 12-12 berdintzea lortu zuten. Ondorengo zazpi kintzetan hiru berdinketa eman ziren, baina hortik aurrera ere gauzak parean joan ziren. Atzean inork ezin zuen bestea menderatu, eta aurrealdean ere ezin tantoak behar bezala finitu. Horrela 26-26kora heldu ziren.

Hor etorri zen Ospitalen eta Ezkurraren joko boladarik handiena, eta 6-0ko partziala lortu zuten 32-26 aurretik jartzeko. Partida amaitzeko ez zen gehiegi falta eta garaipena lortzeko adinako abantaila izango zela zirudien, baina Lanbert anaien erreakzioa ez zen makala izan.

Atzean agintzen hasi zen Ximun, eta aurrean Laurentek kintzea erraz finitzen zuen. Hori horrela, 36-36 berdindu zuten, eta jarraian zuzenean bukatu zuten norgehiagoka, amaieran 4-14ko partziala lortuz. Bi anaiak bikain aritu ziren azken txanpa horretan, baina Paxkal Ezkurra akitu egin zen, eta horrek bidea nahikoa erraztu zien bukaerako tantoetan bi anaiei, nahiz eta inongo aitzakiarik gabeko garaipena lortu zuten.

Saketik bi aurrelariek tanto asko egin zituzten, Ospitalek 12 egin baitzituen eta Laurent Lanbertek bat gutxiago. Jokoan, irabazleek 18 tanto egin zituzten, eta, galtzaileek, 17. Galdu, berriz, 8 eta 10 egin zituzten. Markagailua honela mugitu zen: 0-4, 5-12, 12-12, 16-16, 18-18, 19-19, 26-26, 32-26, 36-36 eta 40-36.