Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Astinaldien haritik, mugi

Normaltasuna behin betiko geratzeko ekarria zuten gurera. Euren normaltasun transgenikoa geure egin genezan. Horregatik edo, egiten zaigu hain zaila han-hemen horri buelta eman, irauli, eta bestelako normaltasuna sortzea, lekukoa, dinamikoa, biodibertsoa, alaia, librea… benetan tasun dena, ez ohituraz tasun esaten dugun keria hori. Eta saiatze horretan ari gara, eta bizi, ezkor aktiboa izatea baikor pasiboa baino eraginkorragoa delakoan. Ideien eremutik astinaldiak gauza ederra direla esan daiteke, ohiko keria astintzeak, berez, aukera berriak sortzen dizkigulako. Beste gauza da ea ezkor aktibook aukera horiez baliatzeko, eta aldaketa prestatzeko, behar besteko adimena dugun. Aldaketek trantsizioa behar dutelako, eta trantsizioak aldeko baldintzak. Hortaz, krisiak positiboak izaten dira, ideien munduan. Baina hilgarriak, bizien munduan. Horra lepoan dugun etengabeko tentsioa, ideiok nola gauzatu. Norabideak marraztea errazagoa baita nolabideak ibiltzea baino.

Tira, harira! Aldaketarako zantzuak ikusten dira egunotan Europa zer horren bideetan. Traktoreek autobideak hartu, kolpea gero autoek bidea eman behar izatea traktoreari! Esne-prezioak esnarazi egin ditu han-hemengo baserritarrak, esne-behiak falta dira orain esnatu eta traktoreetara igotzeko. Gauzen prezioa eta balioa, aurrez aurre. Horra, burdinbideak! Gainezka doazen trenen eta igotzerik izan ez duten oinezkoen bide mingarri bihurtuta. Ibilaldia, kilometroak, oinez, urrats… batzuek, normaltasunez, ekialdean piztu gerrak eta hegoaldean elikatu goseteak sortutako giza-tragedia, kontzientzien astingarri. Eta gertuago, burdinak oinetik askatu, urtu eta traktore-trenetarako piezak egiteko dugu laguna kalean. Elefantea mugitu da! Kontuz errege mozkortuak! Eta inguruko pajeak! Bestelako normaltasuna abian da…