Txapeldunaren dilemak
Bi hilabete eskasetarako, bederatzi entrenatzen egon beharrak tristura eta etsipena dakarkio Iñaki Osari.

Igandean Bilboko Deportivon lortutako buruz buruko txapelarekin, pilotaren historian mitoak diren Julian Retegi eta Koteto Ezkurra harrapatu zituen, bakoitza bere espezialitatean, Iñaki Osa Goikoetxeak. Eskuzko eta erremonteko izarrek ez dute banaka txapelketa gehiagorik irabaziko eta zestako espezialista onenak ere ez du oso argi. Kirol ikuspegitik, aurkaririk gabe jarraitzen duela argi erakutsi zuen zumaiarrak, baina kirolak bizi duen egoerak, eta bederatzi hilabetean partidarik jokatu gabe egon beharrak –ez da Ameriketako Estatu Batuetara itzuliko– oso ezkor izatera darama gaur egungo puntistarik onena.
Hamabost urte igaro eta gero Miamin jokatzeari utzi zion neguan Goikoetxeak, hango baldintzek asebetetzen ez zutelako, eta horren ondorioz, neguak oso gorriak dira aurrelariarentzat. «Dudarik gabe, negua luzea eta gogorra da, baina azkenean udaberria eta udazkena ere luzeak izaten dira eta ez bakarrik pilotan jokatzen ez duzulako. Kontua da udako bi edo hiru hilabeteetan puntan egoteko zenbat lan egin behar den, horren denboraldi motz baterako, horrek desmoralizatu egiten du pilotaria, batez ere ni. Ahalegin handia egiten duzu udan topera ibiltzeko eta azkenean, martxa hartzen hasten zarenean, oraintxe ari nintzen kantxan gustura aurkitzen, bat-batean dena bukatzea oso etsigarria da. Hurrengo urteari begira gauza asko pentsatzera eramaten zaitu», azaldu zuen “Katedra” saioan.
Aurrera begira, lau edo bost partida baino ez ditu jokatzeko, tartean Jai Alai World Tourrari amaiera emango dion finala Gernikan, baina hortik aurrera hutsunea eta zalantzak handiak dira. «Badago zurrumurruren bat, Mexikon zerbait antolatuko ote den edo», baina ostantzean etorkizuna beltz ikusten du.
Udako jaialdietan nolabaiteko argi printzarik ikusi duenik izan da, baina Goikoetxeak egin duen diagnostikoa oso da ezkorra. «Nik desastre bat aurkitu dut. Bi hilabeteko kontuarengatik ezin da esan zesta egoera onean dagoenik, Iparraldekoa beste kontu bat da, turismoari begira egindako kontu bat da eta ezin da horretan pentsatu eredu bezala», azaldu zuen. AEBetan gauzak ez omen daude hobeto. «Ameriketan bizirik badago ez da jendeak zesta nahi duelako; kasinoa frontoiaren barruan dago eta urtean 150 funtzio ematera behartuta daude lizentzia mantentzeko. Legea aldatzeko borrokan ari dira eta lortzen badute lege hori aldatzea, akabo».
«Aldaketa handi bat»
Horregatik guztiarengatik, «aldaketa handi bat» nahiko luke. «Pilotariak, federazioak, Gobernuak... denok batera jarri behar dugu eta jasangarria izango den proiektu bat lantzen hasi. Ez niretzat, atzetik datozen horiek izan dezaten argi txiki bat zestan jokatzen jarraitzeko».
Etxeko frontoi berria ere berandu dator
Urte askotako borrokaren ostean, badirudi laster inauguratuko dutela Zumaiako pilotaleku luze berria. Ezbairik gabe, Goikoetxea bera, Imanol Lopez edo Gotzon Enbil bezalako izarrak zumaiarrak izateak eragin handia izan du pilotaleku hau zesta puntan jokatzeko ere atontzeko hartutako erabakian.
Ezin zuela bestela izan iritzita, Iñaki Osa Goikoetxea pozik da herrian izango duten instalazio berriarekin, baina beranduegi ez ote datorren errezeloa dauka. «Askok pentsatzen dute gu profesionalentzat eginda dagoela, baina oker daude. Penarik handiena da orain bost edo sei urte Zumaiako eskolan zebilen jende askok pilotan jokatzeari utzi diola. Beraientzat eta gurasoentzat esfortzu handia zen beste herrietara joatea entrenatzera, negua joan negua etorri. Argi txikirik ere ez dago eurentzat eta erreferenteak izan daitezkeenak ere desilusionaturik ikustea… pena handia ematen du denak», esan zuen penatuta Goikoetxeak. J.O.

«Usaban a Dios para someter a las internas, para meternos miedo»

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik
Fallo contra un fraccionamiento de contratos del Ayuntamiento de Getxo

«Prohibir las redes sociales a los adolescentes les infantiliza»
