Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Ezpainak dantzan, Hosanna!

Argi daude aste honetan gai nagusiak, foru-zorroztarri honen maizterrarentzat ere! Ezpaina eta autokritika. Autokritika egin beharra dut, horren baloreak balioan jarri nahi dituzten egunotan. Bai, azken boladan ez nuen abaderik ikusten herriko kaleetan, are gutxiago gotzainik. Eta horretaz kezkatuta ez banengoen ere, bai ordea jakin-minean, passion for knowledge edo. Akaso disolbatu egin da erakundea? Kalizak hustu ote? Sotanak behingoz bidez kanpo utzi bai? Hala bada hala biz, pentsatu nuen. Amen. Bada ez, autokritika egiten dut, gerora jakin baitut benetako arrazoia. Zertan eta sinodoan ibili, non eta Erroman! Gauza ezaguna nuen bide guztiek Erromara eroaten dutela, baina modu etikoan hartzen nuen nik, ez fisikoan. Tira, horren harira! Imajinatu egin gura nuke hango bilerak zelakoak diren. Saio bakoitzaren amaieran gotzainen bat nominatu ostean kanporatuko ote? Eta haragi prozesatua izango otorduetan? Ostiak! Zenbat pezeta emango nukeen hori jakiteko! Dena dela, pozik seguru baietz hemengo gotzainak, errenta adierazpenean propio duten laukitxoa berreskuratuta. Hosanna!

Eta ezpaina. Ezpainak gora eta behera ari dira gure beheko Estatu antzeko zer horretan, ezpainen berezko gorriari hori transgenikoa margotuta. Zuzenbidean ari direlakoan okerbidean maisu. Nik ere, aitor dut, ditut ezpainak dantzan, ez aldizka, aldi berean baino. Nire ahoaren erabaki-esparruan dantzan, beti ere, ahora «Pikutara!» ozen eroanez. Zer egingo dut, bada, nire gorputzaren konstituzioa halaxe dut eta! Hangoek, ezker eta zentro eskuinean berdindu duten horiek, nahiago euren bazterretako erdiguneetan gaudenok ezpainak lotuta bagenitu, baina bai horixe! Lehenago geldituko dute klimaren beroketa globala kostaldeetako klimaxa hoztu baino. Halloween euren alde erabilita ere, jai dute! Hosanna!