ETORKIZUN EUSKALDUNA IRABAZTEKO PARTIDA DENONA DA
Euskal Herrian euskarak behar duen tokia har dezan urrats handiak egin dira azken hamarkadetan. Konstatazio bat da hori Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusiarentzat. Bide horretan sakonduz gero, geroa euskalduna izanen dela azaldu du.

Euskara espazio asko irabazten ari da. Hobekuntzak eta aldekotasun soziala agerikoak dira», adierazi digu Mertxe Mugikak, AEKren Bilboko egoitzan hartu gaituenean. Ibilbide profesional guztia Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundean emanik, aproposa da Euskal Herriaren euskalduntzearen inguruko argazki bat egiteko.
Bere iritziz, Korrikan zabaldutako ideiatik egin behar da aitzinera, eusk(ahal)duntzetik. «Etorkizunean herri euskalduna dugula uste dut. Horretarako, lege aldetik hobekuntza nabarmenak izan behar dira, lege eta neurri betearazleak martxan jarri eta ezagutzaren unibertsalizazioaren bidea jarraitu».
Jardun politikoan aldaketak ageri dira. «Euskarak presentzia irabazi du politikarien artean eta horrek prestigioa ematen dio». Defendatu duenez, baliabideak handitu behar dira ekonomian, prestigioan, giro sozialean... «Hau dena elkarlanean eta sinergiak aprobetxatuz egiten badugu, benetan herri euskalduna izango dugu».
Inguru eleaniztunetan
Agertu duenez, gazteak dira etorkizuna eta eurek eginen duten hizkuntzaren hautuan aunitz jokatzen da. Hortaz, espazioak eta hiztunak irabazi behar. Etorkizun euskalduna ikusten du, bai, baina inguru eleaniztunean. «Hori badator, eta neurri guztiak ipini behar dira euskara izateko hautatzen den lehen hizkuntza. Ezagutzaren unibertsalizazioa asko landu behar den kontzeptu bat da. Helburua ez da EGA, oinarrizko ezagutza baizik. Asko lagunduko lioke erabilerari».
Erantsi duenez, ez da ahantzi behar bertze kontu bat, ikasleek aipatzen dutena: «Dakigunok erabili egin behar dugu, ahal dugun leku guztietan. Ikasleek esaten dute lagun euskaldun batzuek ez dutela euskaraz egiten. Ze arrazoi duten! Sarritan ahaztu egiten zaigu euskara ikasten hasten denak nolako esfortzua egiten duen denboran, dirutan».
Korrikaren hasieran parte-hartzaile gehienak euskara ikasleak ziren; orain ez. AEK-k uzkur edo urrun zeudenak ere erakarri ditu. «Bilakaera zoragarria izan da. Urtetik urtera hazten doan ekimen arrakastatsu eta jendetsua da. Hasieratik izan zen, baina orain herri oso bat korrika jartzen du. Atzean diskurtso inklusibo bat dago, esan beharrekoak esanda erakarri egiten duena: euskara denona da eta denok dugu zerbait aportatzeko».
Nafarroan, bidelagun
Bihar kaleratuko dugun bertze erreportaje batean sakonduko dugu Nafarroan, baina ezin hemen aipatu gabe utzi. «Onerako hain aldaketa handia gertatu da, oso pozik gaude», erranez heldu dio Mugikak gaiari. Aldarrikapen batekin ere bai: «Benetako aldaketa izateko ‘Vascuencearen legea’ bertan behera geratu behar da».
«Hizkuntza politika eraginkor bat abian jartzeko oinarri egokiak daude eta bide horretan gure konplizitate oso-osoa izango dute. Helduen euskalduntzearen izaera estrategikoa jasota dago gobernu berriaren dokumentuan. Azken urteetako egoera hain izan da tamalgarria! Eta tamalgarria hitz gozoa iruditzen zait. Ez da egon ez planifikaziorik, ez sustapenik, diru laguntzak desagertu dira... Hutsaren hurrengoa izan gara eta orain buelta emateko asmo tinkoa dagoela iruditzen zaigu, txalotzeko modukoa», azaldu du.
Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan ere euskara lekua irabazten ari da. Lurralde kontratuak ekarriko duenaren zain dago AEK. «Euskara gero eta zabalduago dago, arlo profesionalean ere sartzen ari da, eta ofizialtasunerako giro bat sumatzen da».
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan «asko aurreratu da baina oraindik badago zer egin». Bilbo Handia garrantzitsua dela eta Udalak hizkuntza politika egokia sustatu behar duela aldarrikatu du. «Bekei buelta eman behar zaie, beste hiriburuetan dauden aukeretatik oso urrun dagoelako. Euskaltegiak sarean lanean ari gara Udalarekin harremanetan eta bide bat zabaltzeko aukera ikusten dut. Bertan asko jokatzen da; ez biztanle kopuruagatik soilik, mugitzen den guztiagatik ere bai. Ispilua da».
Araban, azken hamarkadetan ez bezala, Gasteizko Udala eta Aldundia ez daude PPren esku eta alkatea euskaldun berria da. Hor ere bertze mugimendu batzuen zain dago AEK. «Gasteiz euskalduntzen ari den hiria da. Euskalduntzearen paradigma. Berreskuratutako hiria. Asko dago hobetzeko, baina aldaketa han ere gauzatu da. Halako gauzak prestigioarekin lotzen dira».
Ikasle gehiago, intentsitate baxuagoa
AEKn 12.000 ikasletik gora izan zituzten iaz eta aurten lagun gehiago matrikulatu da. Ikasteko intentsitatea, aldiz, bertze koska txiki bat jaitsiko dela dirudi. Joera orokorra hori da: «Ohiturak aldatu dira eta hori ondo kudeatzea erronka handi bat da».
Azken urteetako datuei begiratuz, ikusten da emakumeak gizonak baino gehiago animatzen direla. 55 urtetik gorakoak gora doaz. Erretiroa hartu eta gainditu gabeko ikasgai horri heldu diote. Aunitz beren bilobekin solastatzen dira euskaraz. %7 baziren 2010-2011n, 2014-2015ean %12 izan dira.
Goi mailako ikasketak dituen jendeak ere koska bat gora egin du. Jakina, 25 urtetik beherako adin tartea behera doa. «Eskolak bere lana egiten duen heinean euskaltegietara gutxiago etortzen dira».
AEKn 500 kide dabiltza orain lanean eta, ikasleen artean bezala, gehiengoa emakumeak dira. Jarduera homologatua da eta erdi edo goi mailako lizentziadunak dira. 2014-2015 ikasturtean 150 herritara baino gehiagotara iritsi ziren; azken bost urteetan, 200etara. «Eskaria non dagoen, edo ikastaldea non sortzen den, hori asetzen saiatzen gara, bertako eragileekin elkarlanean».
Urtero egiten dute argazki bat euskaltegietako egoera ikusteko. Berritu, pintatu edo lekuz aldatzen dituzte udalekin batera. Aurten lau euskaltegi egokitu dituzte: Zestoa, Beasain, Orio eta Ortuella.
«Ahalik eta hitzarmen gehien sinatzen ditugu tokian tokiko eragileekin, ikasleek ahalik eta beka egokienak izateko». Orion, Udalak bere gain hartu du kostua eta ikasleari doan ateratzen zaio kurtsoa. Ondorioz, ikasle kopurua laukoiztu egin da.
Praktika jarduerak
Aurreko ikasturtean 6.000 kide –ikasleak eta bidelagunak– aritu ziren praktika jardueretan, berbalagun, mintzalagun eta halako ekimenetan. Herri ugaritan daude. Aurrerantzean gurasoekin eta gazteekin ere aritzeko asmoa dute, “gurasolagun” edo “gaztelagun” egitasmoekin.
Ahize hizkuntza aholkularitzarako sailean ere lan eskerga egiten dute udal, aldundi eta enpresekin hizkuntza normalizaziorako plangintzak garatzen. “Aizu!” aldizkaria ere badute, itzulpengintza zerbitzua... Zerbitzu horiek guztiak ahalik eta indartsuen eskaini nahi dituzte.
Erronkez galdetuta, erantzun du batzuetan ematen duela zer edo zer berria egin beharra dutela, baina berak lau ildo apuntatu dituela, urtero izaten dituztenak: Euskal Herria euskalduntzeko prozesua azkartu dadin hizkuntza politikak hobetzeko lan egitea; euskaltegietara eta praktika jardueretara herritar gehiago erakartzea; arlo didaktikoan jendartearen beharretara egokitzea; eta 20. Korrika prestatzea.
«Euskara Euskal Herriko hizkuntza da eta erabiltzeko irakastea nahi dugu. Erronka hori AEKren geneetan dago», defendatu du. Hala, aurtengo matrikulazio kanpainak euskara praktikoa sustatzen du.
Aurrez aurreko eskolek duten protagonismoa apaldu gabe, –«oraindik, zorionez, gehiengoa klasera doa, hizkuntza taldean ikasten delako»–, bertze joera batzuk tarte esanguratsua hartzen hasi dira: autoikaskuntza, on-line zerbitzuak... Ikasturte honetan berrikuntza bat sartu dute: jardun biko ikastaroa. Aurrez aurreko eskolak eta autoikaskuntza lotuta esperientzia pilotuak abiatu dituzte Bilbon eta Oarsoaldean.
Elkarrizketa amaitu aitzinetik, helduen euskalduntze alfabetatzea oraindik normalizatu gabe dagoela ohartarazi du Mertxe Mugikak. «Bere markoa behar du eta tarte handia dago hobetzeko. Sarri pentsatu dut badela sektore bat lan eskerga egin duena eta ez duena errekonozimendurik izan, ez dela ezaguna ere izan. Berandu baino lehen landu behar da. Lan baldintzetan badago zer hobetu, era prekarioetan aritu izan den sektore bat delako abiapuntua». Doakotasuna da AEKren helburua, dirua euskara ikasteko oztopo ez izatea, eta doakotasun hori aplikatzeko formula ezberdinak daude.
Ikasleen esperientziak
AEK bisitatu ondotik, klaseetako protagonistengana jo dugu, profil desberdinetako ikasleengana, beren esperientziak ezagutzeko. Cyril Esquinne baionarra da. «Bestetara ateratzean jendeak euskaraz egiten zuen eta, bistan da, ez nuen ulertzen. Gau eskolan hasi nintzen; maite nuen ikastea, gure arteko giroa ere bai, eta horregatik segitu nuen. Ene zazpigarren urtea da, Biarritzen ikasten dut», azaldu digu. Orain, bestetan ez ezik, lanean ere euskaraz aritzen da. «Ikastaroetan ezagutu nituen kideak lagun-min bihurtu dira. Ikastaldi batean ene gaurko neska-laguna topatu nuen eta elkarrekin euskaraz mintzatzen gara. Izugarria da zenbat gauza ekarri dizkidan euskarak!».
Cyril Frantziako Iparraldean sortu zen eta 25 urterekin etorri zen Euskal Herrira. Zerotik hasi zen. Javi Meruelo berriztarrak oinarri txiki-txiki bat bazuen. «Betidanik ikasi dut A ereduan eta euskara ikasgai moduan eduki dut. 2007an urtebete egin nuen Berrizko AEKn eta gero, Unibertsitatean hastean, ausarta izan nintzen D ereduan matrikulatu nintzelako. Filosofia ikasi dut. Pare bat aste egon nintzen eta zama izugarria izan zen, ez neukalako mailarik. Gaztelaniazko klasera aldatu nintzen».
Ikasketak amaitzean, berriz heldu zion euskarari, eta ondotik pentsatu zuen irakasle izateko ibilbidea hastea Filosofiarekin. «CAPa egin nuen eta azken urratsa EGA lortzea izango da. Horretan nabil orain, Durangoko AEKn. Baina euskarara hurbildu nauena jakin-mina izan da hasieratik. Euskal Herrian bizi gara eta lotsa pixka bat ematen dit harremanetan, edozein lekutan, euskaraz hitz egiteko erraztasunik ez edukitzeak».
«Herriko lagun batekin, parranda batean, erabaki nuen egun horretatik aurrera euskaraz egingo genuela. Lotsa galdu nuen eta gero eta gehiago egiten joan nintzen: dendetan, bizilagunekin... Burmuina zabaldu eta guztiz aldatzen duzu txipa. Agiri bat lortzeko edo zerbait kontsultatzeko euskaraz hasten naiz; etxean telefonoa hartzean ‘nor da?’ erantzuten dut... Niretzat aldaketa izugarria izan da, oso aberasgarria».
Ate berriak lanean eta bizitzan
Nerea Peixoto Enkarterrikoa da, Zallakoa. Lanarengatik hurbildu zen euskarara. Irakasle ikasketak egin zituen, irakasle izatea du amets eta horretarako euskara behar du. Duela lauzpabost urte hasi zen ikasten, oinarrizko maila. Javi bezala, txikitatik A ereduan ibili da eta erdaraz ikasi du Euskara ikasgaia izan ezik.
«Tarteko maila ateratzea ez zitzaidan asko kosta, baina goi maila bai, eta hor nago oraindik. Hori behar dut irakasle izateko. Zalla ondoko herrian, Arangurenen nabil ikasten, astean bitan joaten naiz. Lagunekin eta gurasoekin ez dut euskaraz egiten; umeekin bai. Eurek dena ikasten dute euskaraz».
Bere ustez, euskara gero eta gehiago erabiltzen dugu eta jendea euskaraz mintzatzera animatzen du. «Denboraren poderioz indarra hartuko duela uste dut. Inguruan ikusten dut umeen gurasoek ez dakitela euskaraz eta penagarria iruditzen zait. Denok euskaraz jakingo bagenu errazagoa izango litzateke bidea», adierazi du.
Nerearen gisan, lanarengatik ekin zion Marian Rodriguezek ere bide honi. Ondotik, bi alaba izan ditu eta haiei laguntzeko balio dio. «Orain dela lau urte hasi nintzen ikasten, lehenengo eta bigarren mailak egin nituen eta gero, denbora faltagatik, utzi egin nuen. Aurten berriro animatu naiz. Nire asmoa, EGA ateratzeaz gain, euskaraz bizitzea da. Ez dakit lortuko dudan, nire inguruan erdaraz egiten baita. Sanfuentesen bizi naiz (Abantoko auzoa). Meatzaldean oso zaila da euskaraz egitea, baina pixkanaka-pixkanaka...». Portugaletekoa da, baina duela 12 urte alde egin zuen bertatik.
«Esperientzia izugarria izan da euskara ikastea. Lanean ateak ireki dizkit. Trenbidean nabil tripulatzaile bezala. Bestalde, jende pila bat ezagutu dut eta euskal kulturako ateak ere zabaldu dizkit. Hasieran kostata, baina gero eta hobeto ulertzen ditut testuak eta gustura irakurtzen dut. Gustatzen zait euskara. Iruditzen zait hemengoa izanik ondo eta normaltasunez hitz egin beharko nukeela. Berbalagun talde batean nabil. Duela hiru hilabete parapentea egin genuen euskaraz eta ez genuen istripurik izan!», esan digu, eta barrez lehertu da.
Ohatilan sedatuta, erdi lo, erizainarekin euskaraz
Jose Luis Biurrun Iruñeko jubilatuak beti entzun izan du euskara. «Ama Leitzakoa eta aita Deikaztelukoa izanik, etxean erdaraz egiten genuen, baina amaren herritik etortzen zirenean beraien artean euskaraz aritzen ziren. Berueteko osaba-izebak ere bai». Hizkuntza hau «maitagarria» da beretzat. «Ohiturak, bizitzeko modu bat... dena du itsatsita. Lanean hasi eta denborarik gabe gelditu nintzen ikasteko, baina beti barruan nuen».
65 urterekin jubilatu, bizimodua aldatu eta gogotsu hasi zen. 78 urterekin klaseekin segitzen du. «Gogoko dut, sentsazio atseginak ditut, eta harreman handiak». Gauza polita gertatu zitzaion egun batean ospitalean: «Operazio sinple bat egiteko sedazio suabe bat eman eta ohatilan ninderamatela, erdi lotan, erizainarekin euskaraz hitz egin nuen!».M. I.

Otegi se marca un Arzalluz, Esteban le da al eslogan y Pradales cuela trampitas

Iriart ezkerreko abertzalea da Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria

Hilario Urbizu iheslaria Mexikon hil da, 45 urte itzuli ezinik eman ostean

¿Está el modelo D con PAI camino de la extinción?
