Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

GPSa urtuta joareak egin

Inoiz baino gehiago da gaur garrantzizkoa errepide mapa, edo bide orria, edo… deitu gura duzun moduan, esatea libre! Entzutea beste gauza da. Bada bai, eztabaida politikoaren muinean da hori; beste kontu bat da muina politikan ez egotea eta politikari asko horretaz enteratu ez izana, bidegurutzean segitzen dutelako madeinspain den GPSOEn pantaila noiz argituko zain. Hortaz, “Cirque du Psoeil” bueltan, karpapean. Zer bide hartu, horixe funtsa. Baina horretarako koordenatuak ipini behar dira, helmugakoak ipini ere, iraganeko koordenatuak fabrikatik baititu trasteak sartuta. Amen.

Denetariko bideak aukeran Euskal Herriko bidegurutzean. Subiranistak euskal bideari so, katalanek ibiliaren ibiliaz egindako bidea Ebron gora Kantauri aldera ekarri eta hemengo ibileran ibili nahian. Azken finean, bideak ibiltzeko dira. Areago, poeta gogoan, ibiltzean baino ez da bidea egiten. Herrenka ibiltzea koiunturala izan daiteke, sekula ez estrukturala, sekula hori santa bada ere. Hortaz, foru-naziokoak erre ke erre, zaborra bada ere, erre! Horrela ulertzen omen dute horiek errepide kontzeptua. Amen, ostera.

Ponentziara orria zuri eramaten dute, baina bideari buruz galdetuta, hara!, hamaika dituztela esan. Eta adibidetan busti ere: eusko trenbideak, bidegi, interbiak… eta hau ere ona! Esne bidea! Jainkoarren! Gaitzetsi egiten dute horiek, etikoan ere, Ebro erabili nahi izatea katalanena hona ekartzeko saiakeran, eta gogoratu ere holaxe heldu zitzaigula zebra-muskuilua. Foru nazioan, ustez, gertatuko ez dena. Amen, hirugarrenez.

Tunelak eta zubi-bideak, dena da ona baldin eta lurrazalean ez den, badaezpada. Harrobiez harro!

Job santua ere, gizajoa bera, sutan egongo zen honezkero, bere pazientzia eta GPSa, biak, urtuta. Ibiltzen egongo zen, orri zuria mahai gainean utzita. Eta amen.