Bitor ALONSO
BILBO

Oskorri agertokitik jaitsi da; kantuek han geratzea erabaki dute

Bi orduko kantaldia betiko agurra bihurtu zuen Oskorrik. Emozioa nagusi izan zen bi ordu horietan. Hala ere, agur esatea ez da erraza, baina kantuan egiten bada, momentu zaila arintzen da. Formula horretaz baliatu zen Oskorri bere azken emanaldia jai bihurtzeko.

«Hauxe da despedidia». Hitz horiek abestuz ekin zion Oskorrik bidaia luze baten bukaerari. Milaka kontzertu, plaza eta antzokitan ibili ondoren, Arriaga antzokian adio esan zuten. Nola ez, musikarientzat hain garrantzitsua den Santa Zezilia egunean.

Agurra zela bazekiten bertaratutakoek, baita musikariek ere. Horren adierazle Natxo de Felipek esandakoa; «zuek eta gu maitaleak izan gara urte guzti hauetan», aitortu zuen “Ez zaitez joan oraindik” abestiari ekin aurretik. Kantu aproposa eztarriko korapiloa nola askatu ez zekien entzuleriarentzat. Soluzioa, bakarra: kantatzea.

Izan ere, une hunkigarri asko bizi izan ziren Arriaga antzokian. Anton Latxak bere gitarraren soinuaz “Gaztelugatxe” jo zuenean eta Natxo de Felipek perkusioaren erritmora “Emazurtz” abestean, adibidez. Hala ere, nahiz eta agur esateko eguna izan, festa giroa izan zen nagusi Bilboko antzokian.

Agertokiak betiko utzi baino lehen bertan topa egitea erabaki zuten Oskorriko taldekideek. Horren ondoren hiru belaunaldiz osatutako entzuleriak jaiari ekin zion. Gaur egun aitona-amonak direnak, guraso direnak eta umeak bildu ziren han. Hala ere, kontzertuaren zenbait unetan bakoitzaren rola nahasi egin zen. Umeei zuzenduriko “Katuen testamentua” edota “Kanuto Zizilindro” txaloen erritmora abestu zituzten helduenek. Bat-batean, helduak ume bihurtu ziren.

Entzuleek abestiak bata bestearen atzetik kantatu zituzten, txaloka eta, batzuetan, dantzan. Esaterako, “Furra, furra” abestuz agur esatea erabaki zuen Oskorrik, eta entzule batzuek antzokia plaza bihurtzea erabaki zuten. Ez da oso ohikoa Arriagako korridoreetan jendea eskua emanda dantzan ikustea, edozein herritako erromerian bezala. Hori ere gertatu zen bada.

Izan ere, hori ere bada Oskorri. Abesti sakonez gain, jai giroko abestiak eta, azken finean, belaunaldi desberdinentzako elementu amankomun bat.

Horrela esan zien agur Oskorrik agertokiei: kantuan, helduak ume bihurtuz eta rolak guztiz aldaraziz. Musikariei ere gertatu zitzaien. Izan ere, kontzertuaren hasieran entzuleek ez zekiten eztarriko korapiloa nola askatu; betiko agurtzean bazirudien Oskorriko kideek ere ez zeukatela oso argi korapilo hori nola askatu.