gara, donostia
Interview
Arantxa MANTEROLA

Garaziko trena martxan

Bost urteko lanak amaituta, abian da berriro Baiona-Donibane Garazi trena. Bi zatitan egin da ia 120 urte dituen burdinbidearen eraberritzea. Lehenik, Baiona-Kanbo tartea berritu zuten (17,4 km) eta azken 15 hilabeteetan Donibane Garazirainoko gainerako 32 kilometroak.

Harro ziren atzo Lapurdiko hiriburutik Nafarroa Beherekorantz abiatu ziren erakundeetako ordezkariak, besteren artean, Alain Rousset Akitaniako kontseiluburua (erakunde horrek kudeatzen ditu TER gertuko tren-sareak), Michel Veunac eta Sylvie Durruty erregioko kontseilariekin batera.

Horien poza mikaztu zuten, ordea, CGTko trenbide saileko langileek, Akitaniako erakundearen politikaren erruz 40 lanpostu galduko direla salatuz. Halere, Baiona-Donibane Garazi trena berritzeko ahalegina eskertu zuten, nahiz eta bereziki turistei begirakoa izateak ez dituen barnealde eta kostalde arteko herritarren mugikortasun arazoak konponduko. Gasolioaren parioa egin izana ere deitoratu dute burdinbideetako langileek.

Dena dela, egunero lau joan-etorri egingo ditu, eta ibilbidea 57 minutuan egingo du, lehen 89 behar zituenean.