GARA
DONOSTIA

Zarataren aurkako lantaldeak osatuko dituzte Donostiako Parte Zaharrean

Joan den astean batzartu ondotik, Parte Zaharrean lantaldeak osatuko ditu Bizi auzo elkarteak, Donostiako erdigunean bizi diren auzokideek pairatzen duten zarataren arazoari aurre egiteko. Lantalde horiek indarrean dauden ordenantzak aztertuko dituzte, zaindu behar diren guneak identifikatzeko eta zarata sortzen duten jardueren –zabor bilketa, zamalanak eta aisialdiarekin lotura duten negozioak, besteak beste– ondorioak ezagutzeko.

Halaber, proposamen zehatzak egingo dituzte zarataren arazoa konpontzeko. Horrela, kafetegietako eta tabernetako terrazak ixteko orduak muga ditzala eta terraza horien tamaina txiki dezala eskatuko diote Parte Zaharreko auzokideek Donostiako Udal Gobernuari. Horrez gain, jaien eta kontzertuen baimenen araudia aztertzea ere aldarrikatuko dute.

Oraingoz ostalaritza negozio berriak irekitzeko baimen gehiago ez emateko eskatuko diote lantaldeek Udalari, eta horrekin batera, lan-mahai bat sortzea ere proposatuko dute. Izan ere, auzo elkarteak auzokideen eskubideak jasotzen dituen protokoloa izan nahi du enpresari batzuek egiten dituzten gehiegikeriei aurre egiteko. Alde horretatik, auzo-sare bat sortzea proposatzen du Parte Zaharrean Bizik.

Amaitzeko, “Gaueko aisialdiak sortutako zarataren gaineko txostena” –iragan legealdian egina– zabaltzea eta zaratari buruz eztabaidatzea helburu duten jardunaldiak antolatzea proposatu dute lantaldeek.