Maider IANTZI
GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

UNAI AGIRREK FINALERA SALTO EGIN DU SAIO BOROBILA JOSITA

HASIERATIK IZAN ZEN BEROA TOLOSAKO FINALAURREKOA. GOZATZERA ETORRI ZIREN 1.600 LAGUN, ETA MAJO DISFRUTATU ZUTEN, BERTSO UMORETSU, BIZI ETA HUNKIGARRIEKIN. UNAI AGIRRE IZAN ZEN GARAILE, ETA HURBILETIK SEGITU ZION BEñAT GAZTELUMENDIK.

Joan den astean Zarautzen irabazi zuen Alaia Martinen ondotik, Unai Agirre da abenduaren 19an Donostiako Illunben izanen den finalean kantatzeko sailkatu den bigarren kidea. Bost kideekin batera, saio borobila josi zuen lepo betetako Tolosako Usabal kiroldegian.

Hernaniarrak irribarrez eduki zuen entzulea arratsalde osoan, sarri irri algaraz ere bai. Momentu hunkigarririk ere ez zen falta izan. Lehenbiziko finalaurrekoarekin alderatuz, goragotik joan ziren puntuak.

Saioko beteranoena primeran hasi zen hamarreko handian. Hain juxtu lan horretan pilatu zituen punturik gehien. Nerea Elustondo eta biek bi langaberen ahotsetik kantatu zuten. Egunkarian irakurri zuten lehen lerroan ibilitako lau politikaritatik bat enpresa pribatuetako goi karguetan hasten dela lanean.

Hala ekin zion Unaik: «Langabezian tokatzen zaigu oso egoera ahula/ pentsatu zazu etxeak ere ni tristerik hartzen naula/ notizi honek esan duena ez nun usteko sekula/ politikoak enpresetara hau da guretzako burla/ ta txarrena da noizbait botoa eman izan diegula». Alderdiko karneta falta dutela erantzun zion legazpiarrak eta «laster RGIa ere» kenduko dietela-eta kezkatuta agertu zen. Agirrek ezkortasunari buelta eman eta zera ziurtatu zuen: «Biok enpresa bat egin deigun ta eutsi deiogun tinko/ bi esku hemen ditugun arte ez gattuk gosiak hilko».

Kartzela, amari eskainia

Bigarren egin zuen Beñat Gaztelumendik ere finalean kantatzeko aukera handia du. Erregular ibili zen bertsoz bertso eta kartzelan erremate ona eman zion lanari. Gai irekia zuten –«sarri pentsatu izan duzun arren, ez diozu esan oraindik»–, baina aunitz amaz oroitu ziren, tartean añorgarra.

Hona bere bigarren bertsoa: «Aitak eta zuk hizketan erakutsi zenidaten/ eskutik helduta nola ninduzuen eramaten/ zuen eskutatik nola nuen jan eta edaten/ ohera nola hurbildu ohi zineten gau beltz baten/ gure ikaren ondoan nola zineten etzaten/ jasan ezin genuena nola zenuten jasaten/ ama zure hitz ta laztanek ene ze indar daukaten/ sarritan esan nahi dizut baina ez dakit esaten». Eta hirugarrena: «Eman dizut Tolosara ez etortzeko baimena/ esan baitzen zela gogorretan gogorrena/ zure semea oholtza baten ikustearena/ baina zu nerekin zeunden ta hori ez zen problema/ gai jartzaileak eman du etxeratzeko ordena/ eta zugana hurbildu naiz sukaldean barrena/ besarkada bat lehenbizi eta musu bat hurrena/ hitzik ez det erabili baina esan dizut dena».

Puntuetan hurbil-hurbil izan zuen Iñaki Apalategik bide desberdina hartu zuen kartzelan, “fashion victim” bati kantatuz. Bertsorik puntuatuenak izan arren, beasaindarrak berak aitortu zuen saioaren ondotik kantuan ari zela sentitu zuela beharbada ez zela jendearengana iristen ari. Hona hirugarren bertsoa: «Milaka bitxi ta apaingarriz estali duzu gorputza/ horrenbeste non ez den ikusten zu zaren horretxen funtsa/ zertarako da dirutza/ hutsik bada zaren kutxa/ zer izan behar da lehendabizi oiloa ala arrautza/ pertsona zer da ba hutsa hautsetik datorren hautsa/ onar ezazu zaren hori ta has zazu zure iraultza».

Laugarren, Villabona-Amasako gaztea, Oihana Iguaran gelditu zen. «Gaur etorri naizelako denaz erditzeko prestu/ haunditan nahi dudalako zuen plazetan abestu/ gaur amets hori jaio da ta atzera bueltarik ez du» abestu zuen azken agurrean. Gustura sumatzen zitzaion eta nola kantatu duen ikusita, sinesten diogu plazetan izanen dela.

Adibidez, seiko motz dibertigarria osatu zuen Unai Agirrerekin batera, entzulea istorioan sartzea eta dibertitzea lortuz. Adineko bikotea ziren eta hil ondoren beren gorpuarekin zer egitea nahi duten zuten hizketagai. Oihanari bere horretan lurperatzea gustatuko litzaioke; Unairi, bere gorpua zientzia ikerketarako ematea. «Lehendik erre dan gorputz eder hau azter dezatela», bota zuen Unaik, eta Oihanak hala egin zion arrapostu: «Aguante eredu izan daiteke zuk dezun gibela». Senarra baino geroago hiltzeko plana duela ere kontatu zuen: «Zientzi gunera joana/ ta berdin elizan barna/ bi lekuetan utziko dizut nik larrosa bana».

Bosgarren postuan gelditu zen Nerea Elustondo fresko eta berritzaile ibili zen. Horren erakusgarri dira puntuei emandako erantzunak. «Dibortzioek gora egin omen dute» puntuari hala eman zion segida: «Hori besteren batek esan behar luke/ ezkongai daramatzat 34 urte/ eta ahal bada hala jarraitu nahi nuke». «Elkar ondo zaintzeko zein da sekretua?», galdetzean ere borobil erantzun zuen: «Ahaztea inbidia eta mendekua/ bakoitzari eskaini beraren lekua/ elkarbizitza izan dadin perfektua».

Seigarren egin zuen Beñat Lizasok ere gauza hagitz politak utzi zituen. Berak ere amari eskaini zizkion kartzelako bertsoak, malkoak ateratzeko moduan, eta azken agurrean «maiteari» kantatu zion, eskerrak emanez, berak ere ongi dakielako zer den etxean bertsolari bat izatea.

Sailkapena

1. Unai Agirre 517 puntu

2. Beñat Gaztelumendi 501 puntu

3. Iñaki Apalategi 493,5 puntu

4. Oihana Iguaran 482 puntu

5. Nerea Elustondo 476 puntu

6. Beñat Lizaso 458,5 puntu