Amagoia MUJIKA
GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

JON MAIA ETA ARKAITZ OIARTZABAL, EIBARKO ASTELENATIK ILLUNBERA

KARTZELAKO BIKAIN BANA SINATUAZ BIRIBILDU ZUTEN JON MAIAK ETA ARKAITZ OIARTZABAL «XAMOAK» EIBARKO SAIOA, BERTSOZALEA GOZARAZIZ ETA ILLUNBERAKO PASE BANA POLTSIKORATUZ. HURRENGO GELTOKIA, FINALA.

Azken bi kartzelakoak, Jon Maiarena eta Arkaitz Oiartzabal Xamoarena bikainak izan ziren eta aho zapore gozoarekin utzi zuen entzuleak Eibarko Astelena. Aurretik saioak denetarik izan zuen, goranzko ertzak eta apalxeagoak. Maila gorenekoa giroa izan zen, 1.100 bertsozale bildu ziren Eibarko azken finalaurrekora, eta azkenaren tentsio hori igarri zitzaion, atzo itxi baitzen abenduaren 19an Illunben arituko den zortzikotearen zerrenda: Alaia Martin, Unai Agirre, Jon Maia, Beñat Gaztelumendi, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Oihana Iguaran eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa. 481 puntutan erosi zuen Xamoak finalerako azken txartela. Eta ederki ospatu zuen berria.

Maia 500,5 punturekin gailendu zen eta, bigarren egin zuen Xamoaren ostean etorri ziren Gabilondo (468 puntu), Artola (463,5), Gurrutxaga (447) eta Zubia (440,5).

Jon Maia “rokero zaharraren” ahotik hasi zen hasierako agurrean. Txapelketaren lehen eskaileratik ibili du bidea, batzuetan aiseago eta bestetan deserosoago, beteranoaren zama ez baita beti kudeatzen erraza. «Ze terapia egin dudan aurten txapelketan/ zeinek esan behar zidan edade honetan», aitortu zuen azken agurrean.

Atzoko saioan ariketa guztietan egin zuen majo lan Maiak. Hamarreko handia kenduta –Xamoak pilatu zuen puntu gehien–, beste ariketa guztietan lehena izan zen puntutan zumaiarra. Kartzelako bikain batekin errematatu zuen arratsaldea. Eta arnasa hartu zuen, segur aski.

Hauxe zuten kartzelako gaia: Disimulatzen saiatu den arren, zurekin hitz egin eta malkoak atera zaizkio.

Maia amari zuzendu zitzaion. «Hemezortzi urte izango nitun ondo daukat memoria/ nola aitakin nere ondora hurreratu zinen ia/ ni euskalduna abertzalea eta ni bertsolaria/ denen aurrean erderaz mintzo izan ziteken zauria/ agurtu gabe joan zineten hain serio aurpegia/ eta ni nere barne lotsetan zulo baten eroria/ baina gaur berriz izandu degu honi heltzeko zoria/ orain ja ez naiz Jon Maia bakarrik ni naiz Jon Maia Soria», kantatu zuen bigarrenean. Eta, azkena, bukatu: «...ja kontzientzia nola ez dudan lehen neukan bezain txiro/ gaur diximuloz hitz egin degu baina behar den aldiro/ zuk nahi badezu batera negar egingo degu berriro», erabat gaiari lotuaz.

Arkaitz Oiartzabal Xamoa geratu zen Eibarren bigarren, 481 punturekin. Kartzelako eder batekin errematatu zuen, alabari kantatzen dion aitaren bidea aukeratu zuen, perla ederrak utziaz. «...nahiz orain arte egin dituzun mila irribarre faltsu/ disimulatzen hasiagatik hain ona ez zera aizu/ azkenerako galdetu dizut ‘ttiki zer gertatzen zaizu’/ futbol partidan gertatu dena kontatu egin didazu/ nahiz ta aitatxo dena konpontzen saiatuko den jo ta su/ hoiek geroko kontuak dira orain negar egin zazu», hasi zuen lehena. Eta, bigarrenean, segitu, «...Ainhoak ez daukalako behintzat futbolari traza/ futbol partidan izaten duzu sentimendu bat eskasa/ ze gonbidatzen zaituzte baina gero baloirik ez pasa/ lasai jolasa besterik ez da esaten hain da erraza/ ta egia da baina tamalez zuretzat ez da jolasa».

Illunbe, oso presente

Azken finalaurrekoak hasieratik izan zuen presente pisu hori, agurretatik presente egon baitzen Illunberako pasearen tentsioa. Hamarreko handiko lehen ariketa polito joan zen, hiru bikoteek kolore berezia eman baitzioten beren lanari.

Lehenak Nahikari Gabilondo eta Felix Zubia izan ziren, zarauztarrak biak eta ikastolako umeak. Hartara, gaia parean etorri zitzaien. Ikastolako lehen promozioko ikasleak zarete. 50. urteurreneko ospakizunetan elkartu zarete. Erreferentzia mordoa ekarri zuten oholtzara, kontaketa oso sinesgarria josiaz. Gabilondok hala amaitu zuen hirugarrena; «baina oroitzen hasi orduko daukat aitortu beharra/ irribarre bat ateratzen zait ta ez da seinale txarra». Eta Zubiaren amaiera, «Makmikel, Jon Braun ta trenarekin eman giñun nahiko gerra/ bizi guztian segi dadila Manoloren ranroberra».

Bigarren bikotea Mikel Artola eta Iñaki Gurrutxaga izan ziren, ekologikoaren aldeko apustua egin zuten nekazarien azalean. Baziren urte batzuk bide horretan ari zirela eta, orain, gaitza baratzera sartu zaie. Artolaren lehen amaiera, «ustekabean dena izorratu ta ezerezan gatibu/ munduko gaitza konpondu nahi ta baratzean sartu zaigu». Elkarrizketa bizia josi zuten Artolak eta Gurrutxagak, elkarri entzuten eta elkarri erantzunez. Gurrutxagaren erantzuna, bigarrenean, «sarri askotan pentsatu izan det dana albora uztea/ guk baratzean gaitz bat daukagu ta merkatuan bestea». Eta, segidan, Gurrutxagaren hirugarrena, «Aberasteko ez ginen jaio baino ez det nahi hil txiro/ oraindik ere geratzen dira aurretik hainbat motibo/ baratz ertzean atxurrarekin jardun gera emekiro/ ta prezioak jetsi zaizkigu, nahiz eta gastuak igo/ behingoagatik sulfatatu ta hasi gaitezen berriro». Eta, Artolak, hurrengo puntada, «...aste honetan plazan izango ditugun nobedadeak/ saskian sartu beharko dira karakola ta bareak».

Egia esan, Artolak saio ona josi zuen atzo. Ideia oso freskoak eta maiz espero gabekoak ekarri zituen etengabe. Esaterako, sei puntuko motzean toki txarra eman zion gaiak, eta espero gabeko hiru ateraldirekin bikain konpondu zuen egoera. Ikasketak ordaindu ahal izateko lan egiten zuten ikasleak ziren Xamoa eta Artola. Xamoak hotel batean egiten zuen lan, Artolak, prostituzioan. Puntu erantzunetako puntu bat ekarri zuen lehen bertsoan Artolak, «zure lanaren ondoren/ ez indar eta ez kemen/ esan ez dezu egiten baina bai egin hasperen/ bakoitzak ahal duna hemen/ egiten dunez nabarmen/ zerbaitetako nago Xamoa lirain eta lerden». Eta, hirugarrenean, «enaiz ni ume mukizu/ aurpegia badet aizu/ zurean gisan nahiz ta hau ere ez dan paradisu/ etzaitea jarri izu/ oso ona naiz jakizu/ bezero ere izan zintezke gustatzen bazaizu».

Seiko motzean Nahikari Gabilondok eta Gurrutxagak ere saio polita josi zuten. Alaba eta aitaren paperean aritu ziren. Nahikarik Iñaki aitari aurkeztu zion bere bikotea, aitaren adinekoa. Gurrutxagak perla hauxe utzi zuen hirugarrenean: «amodioaren marra/ fina ta hauskor xamarra/ nik erakutsi nahiko nizuke dakidan pixarra/ nahiko etorkizun txarra/ daukat argitu beharra/ aita baino lehen sartuko dezu zuloan senarra». Nahikarik arrazoi sendoz jardun zuen bere partea. Orokorrean, atzoko bertso arratsaldean arrazoiketa ederrak entzun ahal izan ziren.

Saioak, beraz, izan zituen ertzak, entzuleak gogoz eskertu zituenak. Eta puntuak jaso arteko tartea ere ez zen samurra izan bertsolarientzat, bai oholtza gainekoentzat eta bai behean zeuden askorentzat. Azkenean, baina, zortzi aulki baino ez ditu Illunbeko plaza handiak, eta dagoeneko okupatuta daude.