Maider IANTZI
DURANGOKO AZOKAK 50 URTEKO BIDEA EGIN DU

Artistak jarraitzaileekin bildu eta kontuak kontatzeko leihoa

Landakok leihoak ditu alde guztietan, barrenean egosten denaren metafora. Stand bakoitza mundutxo bat da. Artelanak ikusten dira baina ez hauek gordetzen dituzten istorioak. Horretarako daude artistak, kontatzeko.

Goizean goiz, Azoka esnatzen denean, erakusmahaietan oihalen azpian goxo-goxo lotan egon diren sorkuntza lanak begi bistan uzten dituzte artistek, biluzik. Barrenetik ateratako hori jendaurrean erakustea ez da makala, are gehiago momentuan bertan feed backa jasotzeko aukera duzunean.

10.30ean leiho guztiak ireki orduko hurbiltzen da jendea begiratzera. Liburu bat hartu eta orri artean arakatzen du istorio baten bila, edo ezagutzen ez duen musika talde baten diskoaren azala aztertzen du noten xerka. Bertzelako artelanak ere badira, errate baterako koadroak. Denen gibelean, sortzaileak.

Bisitarientzat eta editoreentzat egun intentsoak badira, artistentzat zer erranik ez, euren puska bat uzten baitute. Adibidez, Irungo Pecozza United taldeko kideek eskuz egin dituzte diskoen azalak. 250 guztira, denak berdinak eta desberdinak. «Gure umeak bezala dira. Jendea begira geratzen bada gu jada pozik», dio hirukoteak irriz.

Duela urte eta erdi sortu zuten Pecozza United eta martxoan grabatu zuten diskoa. Orain arte bisitari etorri dira, inoiz lanera ere bai, eta artista gisa aurreneko esperientzia dute. Gustura dabiltza. Orain, goizean, sinatzen ari dira. Arratsaldean, aldiz, Ahotsenean joko dute. Eta gero parranda.

«Niretzat Durango erromeria bat da», definitu du taldekide batek. «Horrela bizi dut. Kritika hori egiten zaio baina nik konpartitzen dut. Jendearekin egon, pote batzuk hartu...». Zentzu horretan, Irunen larunbatetan egiten den merkatu txikiarekin konparatu du bertze batek.

Bat etorri dira “postureorako” agertokia ere badela baieztatzean. «Ikusgarritasuna da, aukera». Espero baino aunitzez gehiago saltzen ari direla diote: «Bitik ehunera egin genuen pronostikoa eta tartean gabiltza», agertu dute barrez lehertzen. «Baina ehunetik hurbilago».

Oharkabean pasatutakoak

Gazte irundarrek luxuzko laguna dute postukide, Jabier Muguruza, lehenbizikoz bere standarekin. Bera ere sinatzen dabil eta bidenabar bisitariekin solasean. «Nongoa zara?», galdetu dio erosle bati. «Donostiarra, Loiolakoa». «Izan zinen kontzertuan?». «Ez nuen aukerarik izan. Hau entzun nuen –dio gazteak disko bat seinalatuz– eta zoragarria iruditu zitzaidan». «Bai, istorioa oso indartsua da. Honena ere bai», azaldu dio musikariak “Tonetti Anaiak” erosleak hartu duen diskoaz.

Mutikotan aitarekin zirkua bisitatu zuela kontatu dio, han pailazo bat ezagutu zuela eta hain ondo ikusi eta handik laster bere buruaz beste egin zuela jakinda lur jota gelditu zela. Baina istorio tristeari buelta eman eta behin ere hiltzen ez den clownaren kanta asmatu du, mutikoaren mina arinduz. «Bueno, entzungo duzu...».

Sortzaile irundarrarentzat Azoka hau «aukera eder bat izaten ari da jarraitzaile askorekin hitz egiteko eta kontu interesgarri asko jaso ahal izateko beraiengandik. Bat etorriko zaizu eta kontatuko dizu zenbat lagundu dion disko batek krisialdi bat gainditzen. Besteak abesti batekin hunkitu dela aitortuko dizu eta besteak esango dizu faltan eman duela azkenaldian Mireiaren ahotsa zuzenekoetan». Oharkabean pasatzen diren gauzak dira.

Bere standa muntatuta «alde ikaragarria» sumatu du salmentan eta hori ere aipatu nahi du, disko bat apustu handia baita.

Jarraitzaileentzat eskaintzak asmatzen ari den bertze musikari bat Sorkun da. Berarentzat zita hau «euskal kultura topatu eta desberdintzen den momentu bakarra» da, baita bere diskoaren bizitzako salmenta une gorena ere. Urteak pasatu eta gero kideekin izaten duen elkargunea ere bada, «oso neuralgikoa». “Ziklomorphosia” diskoarekin etorri da. Autoekoizpena da eta egunero, orduero dago standean. Ama eta alaba ekarri ditu.

Surf musika ezagutaraziz

Los Galerna Arrasateko talde instrumentalak sartu-irten laburragoa egin du Landakon, laugarren diskoa Ahotsenean aurkezteko. Mexikon jotzen ibili direla eta harrera hagitz ona izan dutela kontatu digute, baina gurean ez da sobera aditzen egiten duten musika –surf eta western– eta beraientzat Azoka erakusleiho bat da, Euskal Herrian ere egon nahi dutelako.

Kalakan bai, indartsu dabil hemen. Xan Errotabeherek azaldu digunez, diskoa kontzertuetan soilik saltzeko erabakia hartu zuten eta harrera ona izan dute, baina badira emanaldietara joan ezin direnak eta horiengana iristeko baliatzen dute Durango. «Jendeak daraman abiadura handiko bizitzan, kontzertu bat edo mintzaldi interesgarri bat lasai entzuteko denbora guttirekin» plaza hau geldiune bat izan daitekeela agertu du, eta artista ttikiak sustatu behar dituela aldarrikatu.

Ipar Euskal Herrian segituz, Mattin-Laurent Partarrieu Hazparneko pintorearen postuan kuku bat egin dugu. Erakusketa batean da Ingalaterran eta Ramuntxo anaiak hartu gaitu. Beraientzat ere leiho bat da hau, aukera bat Hegoaldera zabaltzeko. «Ikusten da jendeak ezagutzen duela. Harritua naiz. Obretan keinuak daude, adibidez amnistiaren aldarrikapen bat, eta bisitariek badakite».

Maite Gurrutxaga margolariarekin ere elkartu gara. Bere sinadura marrazki bat da, katu bat, estutxetik ateratzen dituen lapitz eta margoekin mimoz sortzen duena, erosle bakoitzarentzat bat. «Txiki-txikitandik bisitatu dut Azoka eta oroitzapen onak ekartzen dizkit. Orain, sortzaile gisa, ilusio berezia egiten dit», kontatu digu Uxue Alberdiren hitzak dituen “Besarkada” sinatu bitartean. Bertze stand batean solasean ari den Unai Elorriaga idazlea ere hagitz goiz hasi zen Durango bisitatzen. «Urte osoan aurreztu eta 14 urterekin trenean etortzen nintzen erostera». Orain, berezia da berarentzat urtean topatu ezin dituenak topatzen dituelako, ezagunak eta ezezagunak. «Euskara desberdinak entzuten ditut eta iritziak euskara desberdinetan». Gustuko du hori.