Erosokeria erosoan
Senaren hirian, ibaiaz nago, zer adostuko duten ideiarik ez une honetan. Bihar zutabe horizontal honek argia ikusi orduko jakina izango da. Edo ez, batek daki! Hain da urria askoren sena! Kasurik baikorrenean ere, klimak berotzen jarraituko du, eta ez bere erabakiz, “lehenengoa” omen den azpimundu honen biztanle erosoek udan etxeko patioa transgenikoki hozten tematuta segituko dutelako, eta neguan patioa bera modu berean berotzen setatuta ere. Barruko aire girotuarekin kanpoko airean girorik ez! Klima gizajoa, zer ondo biziko zen bera azpian Lurrekoak ez balitu!
Azpimundu horretako diplodoko kaletarrek tenperatura bera behar dute, edonon eta edonoiz, oporrak saltoki handietan pasatzera doazenean ere; aguantatzen duten aldakortasun bakarra burtsako indizearena da. “Lehenengokoak” diren horien erosoa, “Hirugarren Munduan” bizitzen saiatzen direnen erasoa. Hori drama guztien ama-krisia, han, hor eta hemen. Lurtarrok klima erabaki subjektua eta erabaki esparrua dela behingoz aitortu arte ez dago konponbiderik, eta zer edo zer izatekotan “hor-konponbidea” baino ez da izango. Ezkor aktiboa naiz ni.
Dakitenen esanetan, orri borrokan ibili dira gobernarien ondokoak Senaren hiriko, ibaiaz segitzen dut, batzar geletan. Sinatzekoa omen den azken txostenak izan behar dituen orrien borrokan, eta orriotan kortxete artean ziren hitz aukeretan hautua eginez… Horretara mugatzen bada klima laguntzeko beren bide orria, hobe Sena ubidez aldatu eta zementuzkoa ez den bestelako ibilgu batera joango balitz, ganorazko uholde emankorrak eraginez. Osasunez. Bitartean, hor konpon, Gabonak gabon! Izango dira gure azpimunduan ere, denda txikietan girorik aurkitu ez eta saltoki handietara joko dutenak, autoa fardelez beteta garajeratzeko. Hori bai, fardelotan “Zorionak” itsatsita. Amen.

67 preso 20 urtetik gora espetxean, eta 44k ez dute kalea zapaltzen

Sufrimenduaren zikloa ixteko etxeratzea, gazteenen eskaria

Bilbo se moja por el fin de la «injusta legislación de excepción» carcelaria

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo
