Birplanteatu
Espainiar Estatuko hauteskundeen zirku mediatikoari begira, portugaldarren esaera zaharra datorkit gogora: «de Espanha, nem bom vento, nem bom casamento». Bigarrena eztabaidagarria iruditzen bazait ere, egunotako zoro haizea datorkigunaren preludioa delakoan nago.
Alderdi autonomistei azken hamarkadetan botere ilusioa eragin dien bipartidismoarenak egin du. Amaitu zen Aznarrekin hamar egunetan Felipe Gonzalezekin hamar urtetan baino papur politiko gehiago lortzea. Requiem kanpaiak entzuten dira, fini da alderdi erregionalisten maniobra marjina. Bipartidismoarekin batera amaituko da aurrekontuak aurrera ateratzeko alderdi periferikoen beharrizana.
Orain urtebete espainiar gizartearen iratzartze irudia zeukan estatu krisitik are indartuago aterako da nazionalismo espainiarra. Ciudadanosek Canovas del Castilloren tesi politikoak atera ditu lurpetik eta PPk duen frankismoaren oinordekotzaren sentsazio barik ausart datoz berdintasuna uniformetasunarekin nahastera. Lehenago aurrekontuak aurrera ateratzeko erabakitze eskubidea ukatzen zaien nazioei keinu sinbolikoak egitera behartuta bazeuden, orain eskaria guztiz aurkakoa izango da. Albert Riverak oso argi utzi du sekula ez duela paktatuko nazionalistekin, ez dagoela erabakitze eskubiderik (hori guztiek diote, Podemos eta IUk izan ezik) eta bidea birzentralizazioa dela.
Amaitu ziren batzuek zuhaitza astindu eta besteek intxaurrak batzen zituzten sasoiak. Orain Madrilen telefonoa ere ez diete hartzen euskal ordezkariei. Botoen ehuneko seiak ez du gauza handirik balio.
Ez dago historian konfrontazio barik espainiarrekin berdintasunean oinarritutako elkarkidetzarik adostu duen herririk. Egungo espainiar alderdiengatik balitz, Hego Amerikako herriek Espainia izaten jarraituko lukete. Madrilekin ezer adostu litekeela esaten digutenek agonia hau luzatu besterik ez dute gura. Daukagun apurra kentzen diguten arte. Gurago dute eurek gestionatutako agonia bat boterea konpartitu beharreko etorkizuna baino.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
