GARA
DONOSTIA

Artisautzari merezi duen balioa ematera dator Lur Kolektiboaren azoka berezia

Gaur hasi eta urtarrilaren 5era arte artisautzaren atzean dauden balioak erakutsiko ditu Lur Kolektiboak Donostian antolatu duen Gabonetako Azokak. Feltroa, egurra, bitxiak, larrua, oihalak, zeramika eta beste hainbat material landuta 35 artisauk sortu dituzten lanak ikusi eta erosteko aukera izateaz gainera, Urdaneta eta Errege Katolikoak kaleen arteko gunean tailerrak eta erakusketak ere izango dira, guztia artisauen lana gizarteratzeko helburuz.

Gaur egungo produkzio kateen eredutik urrun, euren eskuak eta irudimena erabilita kalitatezko produktuak sortzeko ahalegin berezia egiten dute, egunez egun, artisauek. Egunotan, urte osoan zehar egiten duten lanaren erakusleiho bilakatu zaizkigu Gabonetako azokak eta gaurtik aurrera Donostiari iritsiko zaio txanda: gaur hasi eta urtarrilaren 5a bitartean, 35 artisauren lanak egongo dira ikusgai Lur Kolektiboak antolatzen duen Gabonetako Azoka berezian.

Besteren artean, egurra, bitxiak, oihalak, larrua, koadernaketa, zeramika edota kosmetika landuz sortutako produktuak eskuratu ahalko dituzte bisitariek, Urdaneta eta Errege Katolikoak kaleen artean ezarritako azokan. Goizez, 10.30etik 14.00etara egongo da zabalik eta, arratsaldez, 16.30etik 20.30era. Azokaz gain, egunotan aipatu materialak nola lantzen dituzten ikusi eta tailer ezberdinetan parte hartzeko aukera ere izango da. Hala, abenduaren 22an, 17.00etatik 19.00etara, Itziar Unzurrunzagak Japoniako Giokatu teknika gerturatuko die bisitariei. Abenduaren 22an Kris Merakik artilea lantzen erakutsi eta bertaratzen direnei jostorratz-feltroaren teknika erabilita ardi itxurako panpina osatzen erakutsiko die, 11.00etatik 13.30era. Hilaren 29an koadernaketa tailerra izango da Helena Aberasturirekin eta, bertan, eguneroko bat osatuko dute parte hartzaileek.

Urtarrila dekorazio tailerrarekin abiatuko dute. Hilaren 3an, ilustrazioan ohikoak diren zenbait teknika erabilita edozein errekatan aurki daitezkeen harriak dekoratu eta harribitxi bilakatzeko artea erakutsiko du Kris Merakik goizez, 11.30etik 13.30era.

Ekintza paralelo horiez gainera, erakusmahai lehiaketa ere izango da eta garailearen izena hilaren 23an jakingo da, 14.00etan. Lehiaketako epaimahaia Aran Santamaria Zumaiako arte plastikoko irakasle eta artistak, Imanol Ossa espazio kolektiboetarako objektuen diseinatzaileak eta Ismael Manterola EHUko Arte Ederretako irakasleak osatuko dute.

Lur Kolektiboa

Lur Kolektiboa orain 28 urte sortu zen, Donostiako zenbait artisauk eurek egiten zuten lanak espazio propioa behar zuela adostu zutenean. «Gauza asko aldatu diren arren, gure asmoa artisautzari ateak irekitzen jarraitzea eta merezi duen lekuan jartzea da», azaldu dute. Gaurtik aurrera azokan egongo diren produktuetan ikusiko den bezala, artisautza garaikidearen aldeko apustua egiten dute: «Praktikotasuna edertasunarekin lotzen duen artisautza, tradiziozko teknikak eta artea uztartzen dituena eta teknika berriekin esperimentatu zein fusioak bilatzen dituena. Azken batean, artisautza bizirik dago eta etengabe ari da eraldatzen».

Azokak euren lanaren balioa ikusgai jartzeko modu bikaina dela ere uste dute artisauek: «Gehienak mikroenpresak gara eta, material egokiak bilatu, diseinatu eta sortzeaz gainera, produktua merkaturatzea ere guri dagokigu, askotan baita halako azokak antolatzea ere, maiz hori baita azoketan benetan artisauek sortutako kalitatezko produktuak egongo direla ziurtatzeko modu bakarra», azaldu dute.

Artisautzaren eta artearen loturaz hausnartuko dute Merakik eta Zubizarretak

Gabonetako Azokaz gain, Maria Zubizarreta eta Kris Merakiren “Artisautzak artean duen balioa eta alderantziz” erakusketa ere antolatu du Lur Kolektiboak. Azokak dirauen bitartean, bi artistok artearen eta artisautzaren arteko harremanean sakondu eta adierazpen artistikoen atzean dauden tekniketan sakonduko dute. Feltroa eta oihalak oinarri hartuta, bi artistek egindako hainbat artelan ikusi ahalko dira erakusketa honetan. GARA