Idoia ERASO
BAIONA

Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak EEP utzi dute

Euskararen Erakunde Publikoko aholku batzordetik ateratzea erabaki dute Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak, Lurralde Kontratuan euskararen aurrekontuaren bikoizterik ez dela izan salatzeko.

Euskal Konfederazioak eta berak biltzen dituen elkarteek Euskararen Erakunde Publikoko aholku batzordeetan parte hartzeari uztea erabaki dute. Abenduko biltzar nagusian hartutako deliberoa atzo eman zuten ezagutzera Konfederazioko hainbat partaidek Baionan egindako agerraldian. Ondoren, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren zuzendaritzak ere batzordea uztea erabaki duela jakinarazi zuen.

Azaroaren 7an sinatu zen Lurralde Kontratuan hizkuntza politika garatzeko izan den «borondate eta anbizio eskasari erantzuteko» hartu dute erabakia. Estatuko, Akitaniako erregioko eta Pirinio Atlantikoetako departamenduko buruen jokamoldea salatu dute horrela.

Batzordetik ateratzeko deliberoaren berri ematearekin batera horren berraztertzeko «engaiamendua» hartu zuten, beti ere «hizkuntza politika garatzeko baldintzak aldatuz gero». Aldi berean, baldintza horiek sor daitezen «ahalegin guztiak» eginen dituztela adierazi zuten. Zentzu horretan, sortze bidean dagoen Ipar Euskal Herria Elkargoa «baliatu beharreko aukera» izanen dela nabarmendu zuten.

Datozen urteetarako alor ezberdinetan proiektu estrategikoak garatzeko hitzarmen berezia da Lurralde Kontratua, eta 2020ra artekoa sinatu da berriki. Horren prestaketan, euskalgintzako eragileak batzen dituen konfederazioak hizkuntza politikari bultzada emateko adostasun zabala bildu zuen, Garapen eta Hautetsien Kontseiluen babesarekin.

Hezkuntza Ministerioarekin dagoen lankidetza indartzea, formakuntza profesionalerako diru funts komuna sortzea eta hizkuntza politika garatzen segitzeko EEPren aurrekontua bikoiztea adostu zuten. Azken puntu honetan sortu zen ezadostasun nagusia, aipatu hiru erakunde publikoek egin zuten diru ezarketaren igoera proposamenetik oso urrun kokatzen baita.

Erakundeek euskalgintzak egindako proposamenari uko egin izanagatik ondoko urteetan eramanen den hizkuntza politikak ez diela «erantzungo euskara biziberritzeko erronka nagusiei» salatu zuen taldeak. Gauzak horrela, Euskal Konfederazioaren izenean Euskal Irratietako Ttitto Betbederrek esan zuen: «Ezin dugu segitu ezer gertatu ez balitz bezala».

Atzo plazaratutako erabakia «ongi gogoetatu» ondoren hartu dute. Izan ere, EEPren sorrera urteetan erakundeen eta euskalgintzako eragileen artean zegoen «konfrontazioa» gelditzeko «nolabaiteko ituna» izan zela gogorarazi zuten, «orain kaltetua» izan dena.

Kontseilua

Atzo goizean, Kontseiluaren zuzendaritzak bertako kide den Euskal Konfederazioak hartutako bide bera segitzea deliberatu zuen. Ipar Euskal Herrian euskarari dagokion egoera aztertu ondoren ebatzi dute Lurralde Kontratu berriak ez duela bermatzen «EEPk euskararen normalizazio prozesuan egin beharreko ekarpena egin ahal izatea». Kontseilua ere «elkarlanerako prest» agertu zen «baldintza egokiak» izan bezain laster.