Arrate Beristain eta Ainhoa Riol
Unai Bilbaoren lagunen izenean
KOLABORAZIOA

Zerbaiten falta

Unaik ezin izan zuen gehiagotan deitu bere amaren egoera zein zen jakiteko. Zortzi dei ez dira nahikoa familia eta lagunengandik gertu egoteko. Eskerrak eman behar, kideek egindako deien bidez jaso ahal izan zituelako berriak.

Berrogeita zortzi orduko bizi itxaropenak ez omen zeukan larritasunik, Portugaletera urgentziaz etorri ahal izateko. Ordu horiek pasa gabe, Bego pentsatu baino arinago joan zen eta, artean, Unai non zegoen ere ez genekien. Badaezpada, lagun batek 823 kilometroko bidaia egin zuen Granadaraino, bertan Unai ikusiko zuela ezagutu gabe. Horrek, kristal lodia tarteko, gertatutakoaren berri eman behar izan zion. Ama galdu berri zuen mezu mingarria jaso, kartzelako lokutorio ilunean, besarkadarik emateko paradarik izan gabe ere.

Portugaletera ez ekartzeko aitzakia ederra: «Tanatorioko agiriak falta ziren». Geuk, baina, bagenekien bidalita zeudela. Orduak pasata, heldu omen zitzaizkien paperak, eta seguruenik hiletara iritsiko zela zioten. Alabaina, Guardia Zibilak, apika, baliabide falta izan zezakeen herrira eramateko.

Argi egon ez arren, ekarri zuten; baieztatzeko deirik ez zen egon, ordea. Tanatorioa anabasa zen. Arratsaldea libre zuten bertoko langileek laguntzera joan behar izan zuten. Txakurrek aretoaren antolakuntza doluan zegoen familiaren esku utzi zuten, baita beroiek mehatxatu ere: hori egin ezean, Unai ez ei dugu tanatorioan sartuko. Azkenean, aretora eraman zuten, eta senideez gain ez zioten beste inor agurtzen utzi, ez zioten beste inor ukitzen utzi. Begori familiak eta lagunek egindako ekitaldi hunkigarriaren ostean, gela hustu zuten, Unai bere hurbileko senideekin egon zedin.

Hara hurbildutakoak asko ziren, eta berriro hasi ziren zemaiak: «Tanatorioko sarrera libre utzi edo Unai ez da zuekin bost minutu baino gehiago egongo». Neba-arrebek aretoa utzi eta kanpora atera ziren sarrera libre uzteko eskatzeko. Jendetza zegoen eta neba-arreba eta lagun batzuen artean saiatu ziren Unai senideekin batera egon ahal izateko agindua betetzen, baina ezinezkoa izan zen. Beltzak agertu ziren eta minutu gutxira Unai eraman zuten.

Arratsalde horretan bertan beste hileta batzuk zeuden eta horietara gerturatu zirenak ezin ziren ez sartu, ez atera ezta komunera joan ere. Unai barruan egon bitartean, bederen, poliziak horrela aginduta. Senide horiek salaketa jarriko dutela jakin dugu. Bego eta Unairen familiak polizien lana mehatxupean euren kargu uzteagatik ere salaketa jarriko du.

Bego ospitaleratu zutenetik, kartzelako langile zein polizia askorengandik bata bestearen segidan, errespetu zein gizatasun falta besterik ez da izan, bata bestearen atzetik. Faltak, gizatasun faltak besterik ez dira izan. Lotsagarria izan da egoera.

Bego zendu da, eta berak utzitako hutsunea handia da. Gure besarkadarik beroena familiarentzat.

Unai ekarri zuten; halere, berandu heldu zen Bego agurtzeko. Hiletara heldu zen, behintzat; hala eta guztiz ere, ordutik egunak pasa dira jakin arte heldu zela Alboloteko espetxera; baina egunak pasatu dira non zegoen jakin gabe.

Euskal Herrian, Unairen eta euskal preso politiko guztien falta dugu!