Martxelo DIAZ
ELECCIONES ESTATALES

EH BILDU: «ALTXATUKO GARA»

Pablo Gorostiagaren hitzak erabili zituen bart Hasier Arraizek EH Bilduren emaitzak baloratzeko orduan. «Erori gara, baina altxatuko gara. Askotan erori gara, gaur ere erori gara. Baina bihar jaiki behar dugu. Eta bihar jaikitzeko zuek guztiak behar zaituztegu», adierazi zuen EH Bilduren eledunak Iruñean.

Atzokoa «gau kaskarra» zela onartu zuen, argi eta garbi, Hasier Arraizek EH Bilduren hautagaiekin Iruñeko Catedral hotelean egindako agerraldian. Inkestek ez zuten EH Bildurentzako emaitza onik aurreikusten, baina datu ofizialak iristen hasi ziren heinean aurpegiak ilunagoak bilakatzen ari ziren. Kezka zen nagusi mugikorrera datu bila begiratzen zutenen artean. Itxaropen izpiren bat bazegoen, baina zapuztu egin zen. Tortilla pintxoek, txistorrak eta garagardoak berebiziko zapore garratza zuten atzo.

«Hurbildu zaitezte, gaur inoiz baino gehiago behar zaituztegu eta», hasi zen Arraizen hitzaldia, Iruñean bildutakoei une gogor batean babesa eta sostengua eskatuz. Txalo zaparrada lortu zuen. Inoiz baino gehiago militantziak egindako lana eskertu nahi izan zuen EH Bilduren eledunak.

Emaitzak txarrak zirela onartu zuen Arraizek. «Ez dugu hori ezkutatuko. Argi eta garbi dago. Badirudi Estatu mailako logika gailendu dela hauteskunde hauetan, eta hori dela-eta guk ezin izan dugu hori interpretatzen jakin eta herritar askok atxikimendua guri eman beharrean beste indar politiko batzuei eman diete, beraien botoa horrela baliagarria izango litzatekeela pentsatuz», esan zuen.

«Argi dugu erori garela. Eta Pablo Gorostiagak argi eta garbi esaten du. Askotan erori gara. Gaur ere erori gara. Baina bihar jaiki behar dugu. Eta bihar jaikitzeko zuek guztiak behar zaituztegu. Eta gurekin nahi zaituztegu», adierazi zuen Arraizek beste txalo zaparrada bat jasoz.

EH Bildu bide bat egiten hasi dela gogora ekarri zuen Arraizek. «Gaur, nik eskatzen dizuet, benetan, mesedez, konfiantza izateko, bide horrek denbora behar duelako eta bide horri ilusio eta itxaropen guztia eman behar zaizkiolako. Ziur gaude bide hori egingo dugula Euskal Herriak EH Bildu indartsu bat behar duelako. Aldaketa politikoa gauzatzeko Euskal Herriak EH Bildu behar du. Eta horretarako zuek behar zaituztegu», esan zuen.

Emaitzak artean behin-behinekoak zirenean, Bakartxo Ruizi tokatu zitzaion kazetarien aurrean premiazko lehen balorazioa egitea, Estatu mailako irizpideak lehenetsi direla nabarmenduz. Honekin batera, EH Bilduren mezua ez dela behar zen bezala herritarrengana heldu gaineratu zuen.

Nafarroari dagokionez, Ruizek EH Bilduk aldaketaren aldeko lau indarren arteko zerrenda bateratuaren aldeko apustua egin zuela gogoratu zuen. «Ez zen posible izan, beste indar batzuek nahi izan ez zutelako», nabarmendu zuen.

Ez zen giro atsegina bart Iruñeko Catedral hotelean. Beste kontaketa batzuetan baino nabarmen jende gutxiago elkartu zen. Tokia ere txikiagoa zen, hotzagoa.

Podemosen emaitzak zituen jende gehienak ahotan. Gehienentzat, ezustekoa izan zen. Bakan batek espero omen zuen. EH Bildurentzat politika egiteko eta komunikatzeko modu berrien garaia heldu dela zioten beste batzuek. Kalea albo batera utzi dela zioten besteek. Hauek «gure hauteskundeak ez zirela» azpimarratzen dute. Baina denak bat zetozen EH Bildu altxatuko dela esaterakoan. Eta helburu hori lortzeko lan egiteko prest daudela esatean.