Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Gure erlojuan beti laurden gutxi?

Marc Legasseren “Gastibeltzaren karabinak” eleberriko pertsonaia batek esaten du beti laurden gutxi direla matxinadaren erlojuan. Ez dut uste egunotan halako zerbait sentitzen dudan bakarra naizenik. Batek baino gehiago pentsatuko du, agian, azken hauteskunde emaitzek erlojua atzeratu digutela.

Goizegi da gertatutakoaren ondorioak aztertzeko. Hain goian ikusten dugun Podemosek berak hartu zuen duela hilabete gutxi izugarrizko jipoia Kataluniako hauteskundeetan, oraingoan lehen indarra izan delarik. Bada arrazoirik, beraz, erlojuaren kontrako hausnarketak kolokan jartzeko. Ez dut honekin egin beharreko burutazioen beharra gutxietsi nahi, ezker abertzaleak abiatu du jada bere Abian eztabaida eta, zalantzarik gabe, azken gertaerak aztertuko dira, unean unekoa baino ikuspegi zabalago eta sakonagotik, gainera. Baina nago etengabeko aldaketan bizi den mundu ergel honetan geu ere sobera erraz zorabiatzen garela, beti korrika, beti presaka, beti azalpen eta irakurketa borobilen bila, pentsamendu kritikoak behar duen begirada fina ahaztuta.

Dena likido bilakatzen omen den garai hauetan, azterketa eta ondorio likidoak eskatzen dizkiogu gure buruari. Twitterren abiatutako azterketa-ondorio-kritika lasterketa ikusi besterik ez dago, eromena noraino iristen ahal den atzemateko. Txantxetan esaten nion lehengoan lagun bati: bada jendea eztabaidan ezin duena parte hartu okupatuegia dagoelako eztabaida eskatuz Twitterren. Leihoa ireki beharrean, batzuk Interneten sartzen dira eguraldiaren berri izateko, eta, beste batzuek, elkarrekin eta behar den patxadaz egin beharreko gogoeta sare sozialetan egin nahi dute, ziztu bizian eta elkarrizketaz mozorrotutako monologoetan. Erlojua bizkortzeko saioak, beharbada.

Nik ere ikusi nahi ditut orratzak laurden gutxitik mugitzen, baina ikasi dut xinaurri lanaren bidez lortzen dela, eguna kantuan ematen duen txoriarena egiten baino. Ongi pasa egunok!