Idoia ERASO

BETIZUEK ETORKIZUN ILUNA IZAN DEZAKETE IPAR EUSKAL HERRIAN

Mendietan egoera salbaian bizi diren euskal behiak zaintzen zituen Iparraldeko Betizuak elkartea desegin egin da. Lan horrek dakartzan erantzukizunei ezin erantzunez erakundeen esku utzi dute ardura, euskal ondare natural eta kulturala zain dezaten.

Euskal behiak direla esateaz gain ezer gutxi dakigu betizuen inguruan. Belaunaldi askok Euskal Telebistak bultzatutako Betizu klubaren bitartez ezagutu zituzten behiok. Baina euskal mendietan bizi den “behi izua” ez da arrazagatik soilik bereizten beste behiengandik, bere zaintzan nagusi izandako ohiturek ere ezberdindu baitute bere izaera, eta beharbada gaur egun arte bizirik eta berezituta iraun izanaren arrazoia ere badira. Hori dela eta, ondare zientifiko, ekologiko eta etnografiko gisa ere defini daitezke betizuak.

«Betidanik» euskal mendietan ibili izan dira, baina horrek zer esan nahi duen jakitea ezinezkoa da gaur egun. Garaian Pirinio guztian atzeman omen zitezkeen behi salbaiak, baina gaur egun Nafarroan, Gipuzkoan, Bizkaian eta Lapurdin baino ez dira gelditzen. Euskal lurraldeetan betizuaren iraganak euskal mitologiaren sorrerara garamatza, non animali mitiko bezala aurki daitekeen “behi gorri” edo “zezen gorri” izenarekin. Betizuei dagokionez iragana ezagutzea ia ezinezkoa bada, etorkizuna aurreikustea ere ez da erraza, bereziki Ipar Euskal Herrian, non inolako babes instituzionalik ez duten behiok. Nazio Batuen Erakundeak duen irizpidea kontuan hartuta arriskuan dagoen arraza da, eta Lapurdi aldean animalioz arduratzen zen eragile bakarra Iparraldeko Betizuak elkartea zen, baina urriaren 31n desagertu egin zen.

Arraza bera izanik Euskal Herri osoan, beste hainbat arlotan gertatzen den bezala, bi estatutan banatuta egoteak alde handiak ekartzen ditu. Hego Euskal Herrian ofizialki ezagutza bat dute betizuek, eta, ondorioz, erakundeek arrazaren inguruko politika ezberdinak daramatzate. Bertan ere banaketa instituzionalak eragina du, Nafarroako erakundeek babes handiagoa ematen baitute.

Baina egoera bereziki aldatzen da Pirinioen iparraldean, izan ere, bertan ez dute estatusik. «Ofizialki ez dira animalia domestikatuak, horretarako zerrenda batean egon behar direlako. Baina ez dira salbaiak ere, horretarako beste zerrenda batean egon behar direlako, oreinak edo basurdeak bezala. Hori beraien biziraupena segurtatzeko arazo bat da, ez direnez inon agertzen Estatu frantsesak ez daki zer egin, ez delako legerik aplikatzen ahal». Estatus edo ezagutza bat ematea oso konplikatua omen da, eta ia ezinezkoa elkarte batentzat. Betizuak elkarteko presidentea zen Iban Seiliezek erakundeekin egin duten lanaren berri ematen du: «Izan gara Estatuko zerbitzuekin, pentsatzen zuten legea makurtzen ahal zela, baina estatusa lortzea oso zaila da. Gutunak igorri izan ditugu, baina ez da segidarik izan».

Erantzun eskas hori maila guztietan eman da, elkartea bakarrik agertu baita behi salbaiek gizartearekin dituzten hartu-emanetan sortutako eginkizunak konpontzeko. Arazoak handiegiak dira Iparraldeko Betizuak elkarteak bakarrik kudeatu ahal izateko, eta, hori dela eta, desagertzea erabaki dute. «Estatu frantsesak ulertu behar du altxor bat baduela, ondare bat, eta mantendu behar duela, horretarako baliabideak eman behar dituela eta plan bat egin behar duela».

Normalean, baserritarrekin eta gizartearekin oro har izaten diren arazoei aurre egin beharra izaten da; esaterako, betizuren bat baserritar baten eremuetan sartzean ateratzera joan beharra izaten da. Baina azkenaldian bestelako gertaerak ere izaten ari dira. Seiliezen arabera, laborari batzuek Nafarroan betizuak erosi eta Itsasun askatu dituzte, gero haragia saltzeko; «salbaia bizi izan den behi bezala saltzen dute haragia, karioagoa izateko». Egoerak sortutako arazoak nabarmendu ditu Betizuak elkarteko presidente ohiak: «Kristoren bordela da, ez dakigu betizuak domestikatuak edo salbaiak diren». Biriatun, aldiz, behiak «tirokatzen eta ebasten hasi dira, eta batzuk Zarautzera eraman dituztela entzun dugu», azaldu du Seilezek. Gertaeroi erantzunik ezin emanik, erakundeak kudeaketa beren gain hartzera behartu nahi dituzte. «Guk horren aurrean ezin dugu ezer egin, ez gara Estatua. Nahi duenak nahi duena egiten du, eta gure elkarte txikiak ezin du ezer egin. Estatuko zerbitzuei erran diegu ezin ditugula ardurok gure gain hartu».

Gertaera zehatz horiez gain Seiliezek eragin «sozialak» ere aipatu ditu: «Batzuk ez dira ados egiten dugun lanarekin, arazoak gureak direla erraten dute. Baina ardurak ez dira gureak, denonak dira, beraz, Estatuarenak eta herriko etxeenak». Zentzu horretan hartu dute desagertzeko erabakia: «Ez dugu uste tresna egokia denik». 2006an sortu zen elkarteak desegiten zela jakinarazteko suprefeturara gutuna igorri zuen, eta prentsaurrekoa egin, gizarteak gaia ezagutu dezan, eta presioa handitzeko. Desagerpenak gauzak mugiaraziko dituela uste dute: «Negua heldu da eta betizuak belarra ukaiteko menditik jaisten dira, beraz, arazoak izanen dira, beti badira. Arazo txikiak izaten dira urtero. Behartuak izanen dira zerbait egitera. Salatzen duguna da ez dutela ezer egin arazoak izan baino lehen. Ikusiko dugu zer gertatzen den».

80 behi inguru Itsasun eta Biriatun

Ipar Euskal Herrian, Betizuak elkarte desagertuaren arabera, 30 bat behi daude Urruña eta Biriatu aldean, eta 50 bat Itsasu eta Ezpeleta artean: «Gutxi gorabehera 80 eta 100 artean izanen dira, oso zaila da kopuru zehatza ematea». Seiliezek gaineratu duenez, «oso kopuru txikia da populazio salbai baten biziraupena segurtatzeko. Zientzialariek diote populazio txikia dugularik kudeaketa zehatz bat egin behar dela, endogamiak arraza ez desagerrarazteko. Naturalki badaude estrategia batzuk, baina egia da hori kudeatzen ahal dela laguntza emateko». Selekzio naturalak akats genetikoak izan ditzaketen behiak baztertuko dituela ikusirik, berez arazo handirik ez du ekartzen egoerak. «Baina arazoa da noizbait eritasun bat baldin bada, behi denek patrimonio genetiko bera dutela, eta denak hiltzen ahal direla. Hori da larriena», azaldu du Seiliezek.

Horri konponbide bat aurkitu nahian, Hegoaldeko Euskal Abereak elkarteak eskualde ezberdinetako behiak nahastea proposatu zuen, baina arazoa beti bera da: baliabide eta estatus eskasia. «Ideiarekin guztiz ados naiz, baina nola egin? Ez dugu baliabiderik horretarako». Hego Euskal Herriko Federazioa euskal animaliez arduratzen da, beraiekin harremanetan egon dira Lapurdiko elkartekoak, baina, «zaila da, bi estatu ezberdin dira. Egiten genuena positiboki hartzen zuten, eta oso zaila zela uste zuten. Beraiek beraien aldetik lan handia egiten dute».

Ondarea

Betizuak kolore gorrixka eta adar handiak ditu, mendian eta egoera zailetan bizitzeko egokia dena. Behi txikia da, 350 eta 500 kilo ingurukoa. Haragi gutxi atera daiteke betizutik eta esnea kumeei emateko besterik ez du izaten; hain zuzen, hori izan daiteke hainbeste mendez mendietan biziraun izatearen arrazoietako bat, baina ez bakarra.

Betizuak ondare biologikoa izateaz gain naturarekiko erlazioari buruzko ondare etnografiko gisa ere har daitezke: «Etxeko behiak lan egiteko eta jateko erabiltzen ziren. Baina beste behi batzuk beti mendietan ibiltzen ziren; familia batzuek soilik zuten eskubidea behi horiek hiltzeko eta jateko. Ez ziren ahaztuak, mendian bizi ziren. Salbaiak edo ez, libre ziren», azaldu du Seiliezek. Zentzu horretan, honakoa gaineratu du: «Jakin behar da zer nahi dugun babestu: abere populazio batez gain, izateko eta egiteko molde bat». Izan ere, batak bestearen bitartez atxiki du izatea.

Seiliezek esandakoa jadanik Adolf Staffe doktore txekiarrak esan zuen 1926. urtean: «Egun euskaldunak Pirinioetako ipar eta hegoaldeko antzinako populazioen azken hondartzat onartuak diren moduan, eta europar zientziari duela mende bat lana ematen dioten bezala hain berezia eta isolatuta den beraien hizkuntza dela eta, beraien abeltzantzak ere gure arreta merezi du maila handi batean».

Jose Maria Plazaolak, betizuen kontserbazioan aditua den albaitariak, betizuak ondare kulturalaren parte direla nabarmendu izan du: «Euskaldunok harrotasun handiz aldarrikatzen dugu gure iragana, arbasoen jatorri ezezaguna, hizkuntza, ohiturak... Horietako batzuk jada ez dira bizi, baina beste batzuek, ordea, bizirik diraute, euskara bera kasu. Bigarren multzo horretan kokatu behar ditugu desagertzear diren betizuak».

Seiliezek kultura aldaketak ekarritako hondamendia nabarmendu du: «Uste dut 1924an bazirela betizu asko. Irakurri dudanaren arabera, Senpereko oihanean ere baziren, baina 1924ean Larrungo tren txikiaren eraikuntza abiatu zen, turismoarentzat, eta arazoak izan ziren betizuen eta langileen artean. Prefetak guztiak hil behar zirela esan zuen, beldur zirelako turismoarentzat arazoak ekartzen ahal zituztela betizuek. Beraz, abantzu guztiak hil zituzten eta multzo batzuk bakarrik gelditu ziren».

Etorkizunera begira kontrako joera ez ote den irekitzen ikusi beharko da, Slow Food bezala ezagututako janari lasaiaren aldeko mugimenduaren eskutik kasu. «Badira mila gauza egin daitezkeenak betizuak salbatzeko, eta aukera horiek baliatu behar ditugu. Azken finean, betizuak ondare gisa kontsideratzea nahi dugu. Zaintza administrazioetatik ez baldin bada ematen ezin da aitzinatu», nabarmendu du Iparraldeko Betizuak elkarteko presidente ohiak. Bere burua ere aurkeztu du Seiliezek laguntza teknikoa emateko, bere ezagutzatik abiatuta. Eta arazo administratibo legalak gaindituta bestelako elkarte bat sortzea ere ez du baztertzen, baina helburu ezberdinekin: «Ondareari buruz lan egiten badugu jende anitz hurbilduko litzateke, ez gaur arte bezala, non arazoak konpontzeko besterik ez zuen balio elkarteak, eta jendea pixkanaka joan den».