Erabaki dugu
Urte berriak gauza onak ekarriko dizkigula pentsatzen ahal dugu. Nondik etorriko diren asmatzea zaila izaten da. Alta, sekulako debateak entzuten ditugu, inoiz baino gehiagotan unibertsitateko irakasleak agertzen zaizkigu irratietan, telebistan eta horrekin uler daiteke jakitatearekin, adituen iritziekin, entzutearekin egoerak hobetzen joanen zaizkigula. Ematen du unibertsitateetan soilik gogoetatzen dela, edo maila horretako iritziak gehiago balio duela. Gauza bera kazetariekin. Alta, gizartea ez dabil unibertsitate edo kazetarien munduen inguruan soilik. Ohar hori ez dator iritzi horien gutxiesteko, inondik ere, iritzi horiek balioa baitute eta sarri interes handikoak izaten baitira. Gertatzen da beste eremuetan dabiltzan ekintzaile, borrokalari, bide irekitzaile askoren iritziak ez direla errazki entzuten. Mundu erreala oso zabala baita, aldatu egin da eta askotan mundu erreal horietan dauden aldarrikapen, sufrimendu asko ez ditugu entzuten. Horrek, ezjakintasun horrek, norabidea trabatzen du, nolako bidea hartu behar dugun, askatasun bidea atzemateko oztopoa izaten baita. Gehiegitan, politikan, uste batzuen gainean sortutako bideek, sentimenduei kasu gutxi eginez, gaizki ulertzeak eta sumintze inutila sortzen dituzte.
Horrela, Frantziako politikan ere mugimendu franko dago. Sozialistek beren oinarri politikoak hankaz gora jartzen ari dira. Bi nazionalitate daukatenei frantsesaren kentzea mehatxu pean kokatzea erabakitzen ari dira. Eskuin muturreko proposamena sozialisten eskutik parlamentura heltzen ari da. Bestalde, lerro politikoak gobernutik mugitzen dituzte, politikeria soila, ondoko hauteskundeen prestatzeko. Eskuin muturrarentzat oparia, joko horiek nazka baizik ez baitute sortzen. Azken hauteskundeetan herritarrek eskuinaldera joateko hartu duten lerroa gelditzeko asmorik gabe dabil gobernu sozialista.
Abertzaleok mundu horretan ez dugu tokirik, lurralde erreforma horretan Estatuari sinesgarritasuna ekartzen diogu gure parte hartzearekin. Abertzaleok gure norabidea eraiki beharko dugu, aniztasunean, debatean, independentzia erabaki baitugu.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
