Azterketa korapilatsua du Aretxabaletak Sorian
Markinarrak txapelketako atzelaririk onena izaten ari zen Albisu ordezkatuko du Irujo eta Rezustaren aurka.

Jon Ander Albisuren eskuko minak eskainitako aukerak badu Andoni Aretxabaletarentzat Errege eguneko oparitik puska handi bat, baina, aldi berean, erronkatik ere bai, eta ez erraz horietako batetik, baina «badakit azterketa bat dela, presio horrekin noa, ondo eginez gero, berriz ere jokatzeko moduan izango naiz-eta». Eta erronka ez da txikia: bi jotzaile izango ditu aurrean gaur arratsaldean Sorian –bertan jokatuko den Binakako txapelketako lehen partida izango da– Juan Martinez de Irujo eta Beñat Rezusta ezkerra.
Txanpon beraren bi aurpegiak ezagutu ditu Aretxabaletak txapelketa honetan, Aimar Olaizolarekin, bere lehen parte-hartzean finala jokatzearen aurpegitik, iaz eskuko minek eraginda bere lekua gero txapeldun izan zen Alvaro Untoriari utzi beharraren ifrentzura. Aurten enpresak nahiago izan du Mikel Urrutikoetxea bezalako aurrelari bat beretzat izan zitekeen lekuan jartzea, baina behintzat, ordezkoen artean lehen aukera izan da.
Bere izaerari dagokion bezala, naturaltasunez hartu omen zuen enpresaren hasierako erabakia eta orain «borrokatu eta jokatzeko» omen dago «horixe da-eta dagokiguna». «Irujo eta Rezustaren aurka jokatzea ez da egunero egin daitekeen zerbait, aurten ez naute txapelketan sartu eta aukera polita izan daiteke hau niretzat. Eurak dira faborito garbiak eta ez daukat galtzeko askorik», azaldu zuen.
Bere sasoiari buruz, hobeto egon izan dela aitortu arren, entrenatzen gustura aritu dela nabarmendu zuen. Halere, bere esanetan, «kantxan erakutsi behar izaten dira horrelakoak».
Eta partida irabazteko aukerak izan nahi badituzte, lidergoa egongo da jokoan, ondo aritu beharko du bizkaitarrak, pentsatzekoa baita Aspeko bikotea bera zigortzeko aukerarekin irtengo dela kantxara. «Beñatek asko ematen dio pilotari, aurrekoan pixka bat makalago hasi zen, baina bere pilotarekin min handia egiten amaitu zuen eta Soriakoa bezalako frontoi batean min asko egin diezadakete».
Hala ere, Iñaki Artola ere maila bikaina ematen ari da eta horrek konfiantza ematen dio. «Ea kantxatik kanpo bezain ondo molda gaitezkeen barruan».

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio
