GARA
CARACAS

Bera kargutik kentzeko erreferenduma egitera desafiatu du Madurok oposizioa

Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak Batzar Nazionalean (Parlamentuan) gehiengoa duen oposizioari desafioa egin dio: bera kargutik kendu nahi badute, asteartean iragarri zuten moduan, erreferendum baliogabetzaile bat antolatzeko esan die, erabakia herritarrek har dezaten.

VTV telebista kateari Madurok adierazi dionez, «erreferendum baliogabetzaile bat deitu dezatela eta herriak erabakiko du. Baina beste bideetatik etortzen badira, hortxe egongo naiz demokrazia babesten, presidente moduan, Konstituzioa eskuetan hartuta».

Henry Ramos Allup Parlamentuko presidente berriak asteartean esan zuen ganbera berriak sei hilabete beharko dituela Maduro presidente kargutik kentzeko.

Madurok berak joan den astelehenean iragarri zuen larrialdi ekonomikorako plana atzo aurkeztu zuten diputatu chavistek. Hector Rodriguezek esplikatu zuenez, «petrolioaren salneurriak behera egin izanak aparteko neurriak hartzera behartzen gaitu. Gizarte osoari egin behar zaio dei, baita bestelako pentsaera dutenei ere. Arlo honetan ekarpen handia egin dezakegu», adierazi zion diputatuak Union Radio irrati kateari.

Presidenteak eman zituen esplikazioen arabera, Venezuelako produkzio-sistema goitik behera aldatu behar da, hori lortzeko politika egokiak diseinatuta. Madurok herrialdeko eskuinak abian jarritako «gerra ekonomikoari» leporatzen dio egungo krisia. Egoera bere onera ekartzeko, kabinete ekonomiko bat eratuko du presidenteak.

Bestalde, Nicolas Maduro presidenteak iragarri zuen aurten 500.000 etxebizitza eraikiko direla herrialdean, horretarako beharrezkoak diren baliabide guztiak Venezuelan bertan dituztelako.