Jon LEUNDA
Aizkora

Otaegik eta Lopezek amaieran erabaki dute

Joseba Otaegik eta Juanjo Lopezek irabazi zuten atzo Zerainen jokatu zen Binakako Urrezko Aizkorako bigarren saioa, Iñaki Azurmendi eta Donato Larretxea mendean hartuta, nahiz eta azken hauek ziren garaipena lortzeko faborito nagusiak.

Aurreneko bi lanetan 45 ontzakoa erlojuz kontra ebakitzea izan zen egin behar izan zuten lana, eta horren amaieran Azurmendi eta Larretxea aurretik ziren, izan ere, bi lan horiek minutu eta 48 segundoan burutu zituzten, eta hiru segundo gehiago behar izan zituzten Josebak eta Juanjok.

Azurmendik eta Larretxeak alde zuten alde hori handitu egin zuten ondorengo lanean, izan ere, zutik jarritako kana-erdikoa 3 minutu eta 55 segundoan burutu zuten, eta hiru segundo gehiago behar izan zituzten Zizurkilgoak eta Lezaungoak.

Laugarren probaren ostean, bazirudien Larretxeak eta Azurmendik garaipen erosoa lortu behar zutela; izan ere, 60 ontzakoa 6 minutu eta 22 segundoan bota zuten, beste 20 segundoko tartea eginez, guztira 26 segundoko aldea lortuz.

Bosgarrengo lanean ere handitu egin zuten alde hori. Hemen bikote bakoitzak zutik jarritako 45 ontzako bat eta etzanda jarritako kana-erdiko bat ebaki behar zuen. Arriarangoak eta Berakoak aldea gehitu egin zuten saio honetan. Otaegik eta Lopezek, ordea, irauli egin zuten neurketa azkeneko lanean, eurek irabazi baitzuten iraupen proba. Lan guztiak burutzeko, 24 minutu eta 24 segundo behar izan zituzten Otaegik eta Lopezek, eta 24 minutu eta 40 segundo Azurmendik eta Larretxeak.