Arnasberrituta dator aurten Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa
Datorren larunbatean abiatuko da Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa, hamalau talderen partaidetzaz eta formatu berriarekin: topaketa-erronka forma hartuko du.

Trebiñun aurkeztu zuten atzo Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa. Taldekako txapelketa hau bi urtean behin jokatzen da herrialdeko Bertso Txapelketarekin tartekatuta, eta, atzo jakinarazi zutenaren arabera, aurtengo edizioan arnasberrituta eta topaketa-erronka formatuari helduta ekingo diote.
Arabako Bertsozale Elkartearen eta bertso-eskolen artean antolatutako ekimenak «taldeen arteko topaketa» bideratzea izango du helburu, betiere «izaera kolektiboan eta bertsolaritza herrikoian oinarrituta». Iparrorratz horri helduta, laugarren edizio honi hasiera datorren larunbatean, hilak 23, emango diote Izarran eta martxoaren 12an amaituko da Argantzunen, talde guztiak batuko dituen topaketa handi batekin.
Hamalau talde
Laugarren edizio honetan 150 pertsona inguruk hartuko dute parte. Horietako batzuk bat-batean ariko diren hamalau taldeetan ariko dira eta gainerakoak, aldiz, Kuadrilla Artekoan idatziz parte hartuko duten hamar taldeetan.
Aurten ere helburu nagusia «Arabako bertsolaritza astintzea» izango dela nabarmendu zuten aurkezpenean: «Kuadrilla Artekoaren izaera herrikoia bultzatzeko asmoz, bertsotan egitea eta sortzea izango da helburua. Herritik abiatutako bertsozaletasuna sustatuko da eta herriko bertsolariak baloratu, bertsolaritza mugimenduaren izaera kolektibotik abiatuta». Hala, talde bakoitzean, bertsolariez gainera, bertsozale, gai-jartzaile eta «bertsolaritzan ezinbesteko diren hainbat kidek hartuko dute parte: grabatzaileak, sukaldariak, trikitilariak…». Gisa horretan, bertsolarien eta bertso-eskolen arteko harremana sendotu nahi dutela azaldu zuten, baita belaunaldi ezberdinak harremanetan jarri ere.
Sei topaketa izango dira orotara eta horietako bakoitzean hiru eta bost talde artean elkartuko dira. Topaketa antolatzen duen taldea edo taldeak izango dira gainerakoei erronka botatzeko ardura izango dutenak. Hala, esate baterako, larunbatean Izarran “Bertsotloia” izango da protagonista eta urtarrilari amaiera Laudion emango diote, hilaren 30ean, kopla lehiaketarekin. Hurrengo asteetan, Kuadrillen Artekoa Araia eta Zalduondon (otsailak 13), Kanpezun (otsailak 20), Gasteizen (otsailak 27) eta Oionen (martxoak 5) jokatuko da eta, esan bezala, azken topaketa handia martxoaren 12an izango da, Argantzunen. Bertan, talde guztiak elkartuko dira eta erronka ezberdinetan hartuko dute parte egun osoan zehar.
Eguerdian tabernetan zein kalean bertso-poteo formatuan ariko dira eta bazkalostean oholtza gainean trebatu beharko dute bertsolari taldeek. Antolakuntzak iragarri duenez, elektrotxaranga eta bertso-ragga ere izango dira eta nahi duenarentzat autobusa eta bertan lo egiteko baliabideak ere jarriko dituzte. Informazio gehiago eta ekimenaren jarraipena: www.bertsozale.eus/araba.

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
