Gargallo margolariak ireki du Luis de Ajuria areto berria
Luis de Ajuria aretoak berrikuntzekin hasi du urtea. Gasteizko Araba Jeneralaren kalea utzi eta Posta kalera doa, Vital Fundazioa Aretora, hain zuzen ere. Bertan erakusketak egin ahal izateko toki gehiago eta bisitarientzat irisgarritasun osoa izango du. Santiago Gargallo artista gasteiztarraren artelanekin inauguratu da areto berria.

“Pintorearen kosmosa” izeneko erakusketa prestatu du Santiago Gargallo margolariak Luis de Ajuria areto berriaren irekierarako. Urtarrilaren 30a arte izango da bertan ikusgai.
Gure inguruko artisten lana bultzatzea du xede Luis de Ajuria aretoak. Lekuz aldatzea erabaki du Vital Kutxa Fundazioak, baliabide gehiago eta hobeak izan ditzan. Hemendik aurrera, erakusketa aretoa Posta 13-15eko lehen solairuan kokatuko da, Vital Kutxa Fundazioak duen aretoaren gainean, eta toki dezente irabazi du, 148 metro koadro izatetik 202 izatera pasatu baita, %36 gehiago, eta batik bat irisgarritasun hobea izango baitu. «Igogailua dagoenez, mugitzeko ezintasunak dituztenei bertara iristea bermatzen die, eta hori ezinezkoa zen aurreko kokapenean, eskailerak igotzea erabat ezinezkoa egiten zitzaien eta», kontatu dute Vital Gizarte Ekintzatik.
Orain arte bezala Luis de Ajuria izenari eutsiko dio eta hurbileko artisten lanak erakusteko grina ere mantenduko du. Ildo horri jarraiki, estreinaldirako Almerian bizi den Santiago Gargallo margolari gasteiztarra aukeratu du. Artista horren hogeita hamar margolan erakutsiko ditu, oihal gainean akrilikoz eta olioz eginak. Gaiei dagokienez, Gargalloren ohiko paisaiak, txakurrak, zelaiak eta bestelakoak dira.
Gargallo (Gasteiz, 1954) gaztetatik hurbildu zen artera. Lilura aspalditik zetorkion, bere aita Jesusek erakutsi baitzion, Heraclio Fournier lantegiko urrezko urteetan lan eginikoa zen maisu ospetsuetako batek.
Gainera, Arabako hiriburuko Samaniego Ikastetxean Arteen eta Lanbideen Eskolan ikasitakoa da. Bere iturri artistikoak oso soilak dira, baina aldi berean zabalak ere badira: bere inguruko errealitate objektiboena. Inguru hori irudimenezko sugestioarekin zabaltzen du, burmuina eta eskua uztartzen dituen oinarri estetikoarekin. Horregatik, naturarekin duen elkarrizketan oinarritzen da bere mundua, emozio kromatikoz adierazitako milaka irudirekin.
Erakusketan artistaren eguneroko bizimodua ere ikus daiteke: bere lantokia eta lan-tresnak, bestelako tresna eta gailuak, loreak, zuhaitzak, inguruko paisaiak... eta txakurrak. «Bere inguruan dena argitsua da. Nahiz eta fisikoki hurbil izan, mikrokosmos honek utopia eduki handia du. Benetako toki apartak, patxadaz ikuslearen irudimenari haizea emateko», adierazi dute aretoko arduradunek.
“Margolariaren kosmosa” Luis de Ajuria areto berrian ikusi ahal izango da urtarrilaren 30era arte, astelehenetik larunbatera 18.00etatik 20.30era, eta igande eta jai egunetan 12.00etatik 14.ooetara eta 18.00etatik 20.30era. Sarrera doakoa da.

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria
